Gaizka Izagirreren 2024ko zerrendan lehen postua duen pelikula ikusi egin behar da. Nik horregatik ikusi nuen Anora, Izagirreri kontra egiteko, baina ez, dudarik gabe, niretzat ere iaz ikusitakoen artean onentsuena da. Asteburuan Mikey Madisonek aktore onenaren BAFTA saria jaso zuen, eta sexu langileei eskaini zien hitz hauekin: «Soilik esan nahi diet ikusten ditudala. Errespetua merezi dute, duintasuna. Beti izango naiz euren lagun eta aliatu». Ez naiz zineman aditua, eta ez naiz gai pelikularen argiaz, estetikaz edo gidoiaz ezer esateko, baina garai honen pelikula bat iruditu zait. Anora-n, Mikey Madison 23 urteko sexu langilea da, eta errusiar aberaskume batzuen semearekin harreman bat hasten du. Lan harremana zena harreman afektibo bihurtuko da, bihurtuko da edo; zaila da antzematen sexuaren, diruaren eta maitasunaren muga. Eta hori, agian, ez da erraza izan sekula. Harreman oro merkantzia dela dirudi, gordinki eta eder erakusten du hori Anorak, eta halere, ze nahi duzue esatea, nik fikzioa ikusi dut.

Anora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu