maialen akizu 34 172x172

Andre beldurgarria

2025eko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizi naizeno beldurrik gehien sortu didan andrea ezagutu dut. Ez da adinekoa, ni baino urte batzuk gehiago izango ditu, baina izan zitekeen gure kuadrillakoa. Andre eder bat da, oso ederra, ez du zimurrik azalean, hortzak garbiak ditu, sudur polita, eta halere, egun beldurrik gehien sortzen didan pertsona da. «Imajinatu oraintxe atea jotzen dutela, eta hura dela» esan dit sofan nire ondoan dagoenak, eta eskatu diot, mesedez, gaur atea ez diezaiogula inori zabaldu. Eskatu diot, bide batez, ea mantarekin bilduko nauen hobeto, ea helduko didan estuago, ea geldi zezakeen hau dena. «Gelditzea nahi duzu?». Telesailagatik ari da bera. Bizi naizeno beldurrik gehien sortu didan andrea telesail bateko pertsonaia da, ez da existitzen, bueno bai, baina ez da benetakoa, bueno bai, baina ez da gure etxean azalduko, bueno ez dakit. Nik telesaila ikusten segi nahi dut, kuxinarekin begiak tapatu arren begiratu egin nahi diot andre beldurgarriari, bere begirada horri eutsi, bere egoteko modua ikasi. Ulertu, nola erakartzen nauen jasan ezin dudan beldur honek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.