maialen akizu 34 172x172

Gatazka amaitu da

2024ko abenduaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aitortzen dut: geopolitika niretzat zinema genero bat da. Pantailaren bestaldetik begiratzen diot, pantailakoa ez banintz bezala, eta gaiztoa zein den eta nola bukatuko den asmatu nahi izaten dut. Orain Siria ageri da pantailan, eta nik kontatzen digutena konprenitu nahi dut; nola harrapa litekeen gobernu bat sorpresan, nondik sartzen den inora erresistentziarik gabe, nora begiratzen duten soldaduek errenditzeko esaten zaienean. Hedabide batzuek HTS Sortaldea Askatzeko Erakundeko kideei matxino deitzen diete, beste batzuek errebelde, edo terrorista. Milaka herritar atera dira kalera gertatua ospatzera, poztu egin da Joe Biden, eta Netanyahu, eta beraz Europa, eta Errusia ez, eta kurduak ba ez dakit, eta Erdogan bai, eta gu hortxe, eta ni hemen. Hedabide batzuek gatazka deitzen diote, beste batzuek gerra, edo dinastia, edo diktadura. Duela hamahiru urte hasi zen kontua, eta 11 egun soilik iraun omen du gatazkaren amaierak. Euskaraz hamaika egun eta soilik ezin dira esaldi berean idatzi. Eta gatazka amaitu dela, hori, hori, ba al da esan lezakeen hizkuntzarik?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.