Angel Erro.
JIRA

Alemanaren alde

2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Harro irudikatzen dut Maria Txibite lehengoan Noticias de Navarra-ko kazetariak Erdialdean eta Erriberan euskarak ez puntuatu, eta alemanierak berriz bai, normala iruditzen ote zaion galdetu eta berak erkidegoko zonalde bakoitzeko errealitate soziolinguistikoa errespetatu behar dela erantzun zuenean. Twiterren norbaitek iradoki bezala, alemanieraz erantzutea bakarrik falta zitzaion Txibiteri: «Wir müssen die soziolinguistische Realität des Gebiets von Navarra respektieren». Horrekin eztabaida posible guztia kito egin izan balu bezala.

 

Baina euskaldunok badugu horri erantzuteko modu asko. Ohikoena, erantzunaren zentzugabekeria azpimarratzea litzateke. Niri interesgarriagoa egiten zait presidentearen hitzetan erdaldun elebakarrak gudua galtzen ari direlako egiaztapena berrestea. Nafarroako errealitate soziolinguistikoa modu negatiboan definitu beharra dagoelako euskarari leku ez emateko. Erdara zertan datza, Txibiteren arabera? Euskara ez jakitean. Zerikusirik ez errealitatearekin. Haientzat kalte.

Espainiar telebistako Operación Triunfo saioaren azken bi emanaldietan hiru neska nafar egon dira, haietako bi euskaldun. Hori da gure errealitate soziolinguistikoa. Ezustea hartuko dute benetan kasu egiten badiote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.