Giza barrena astintzen duten sentipenen sorta zabalean badago FOMO azpiklase bat guztiz berezia: x ebento sozialera huts egiteko beldurra pizten zaigu baina ez egun horretan beste zerbait daukagulako edo neurri berean gertatzen zaigulako erakargarri etxean geratzea; FOMO hau liskar-osteari dagokio: ez gara x ebentora joaten ez topo egiteko gatazka izan dugunarekin (aurrez adostuta edo gabe, baina bigarrena mingarriagoa izaten da).
Ibiltzen naizen inguruetan ohiko kontua da bikote- edo laguntasun-hausturen ondoren; neronek maiz sentitu dut: han irudikatu izan ditut beste guztiak berealdikoa bizitzen eta ni, berriz, betirako bakarrik geratzeko izuz mugikorra txutatzen sofan.
Orain gutxi, baina, alderantzizkoa gertatu zait, alderantzizkoa-edo. Ez nintzen gatazkaren alderdietako bat, «beste guztiak» taldekoa baizik. Spoiler: ez zen berealdikoa izan. Deseroso tarte guztian, hala egon nintzen. Ardura kolektiboez jabetu nahi dugu, eta bandorik ez sortu, eta ondo konpondu —ironia-izpirik gabe diot—, baina giza harremana halabeharrez osatzen du konfliktoak, eta.
Apenas dugun tresnarik.