Egitekoa zein den zehazteko, ez dago gaizki orain arte egindakoa zer den ikustea. Nork bere herrikoa ezagutuko du, inguruetakoa, urrutikoa, ikusi duena, kontatu diotena, irakurri duena. Ez da derrigor ildo bera jarraitu behar: tradizioa aukeratu egiten da.
Ez gara siglak, ez gara letrak, ez gara hizkien barruan kabitzen. Desioa gara, irizpidea dugu, bihotza taupaka, garuna mailuka, ez dauzkagu besoak antxumatuta. Zahar eta gazte, ez gaude konforme. Kontra egotea dugu, eta alde egotea. Eta kontra egitea dugu, eta alde egitea. Alde egitea, ihes egitea, hanka egitea. Zabaltzea, hedatzea. Marrubiak emango baditugu, marrubi landarearen antzera hazi behar dugu guk ere, gora, behera, alboetara, dena hartu, lurrik latzenetan erne, baita lorontzi politenetan ere, pendiz laiotzetan hazi, bidezidor bakartiak goxatu. Alferrik jarriko digute plastiko beltza, hazi egingo gara, eta eman egingo dugu fruitua, gorri, gozo, trinko.
Masustak emango baditugu, sasia izan behar dugu. Belar txarra garela esango dute, ebaki egin nahiko gaituzte, matxetea sartuko digute, sutu egingo gaituzte. Berdin da, jai dute gurekin. Eman egingo dugu fruitua, beltz, mikatz, sendo.
Eginez egingo dugu egiteko modua.
Jira
Alde egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu