Asteon Itxaso Martin idazleari egindako elkarrizketan aipatzen zuen isiltasuna testura eramatea zela bere obsesioetako bat, hitz egiten dugun moduak baduelako bizi garen gizartearekin zerikusia, eta isiltasun guztiak hitz bihurtzean isiltasun izateari uzten diotela. Nola egin leku isiltasunari? Bestelakoa da Olga Bermudezek atzoko berripaperean zekarren asmoa. Logopeda da Bermudez eta pertsona trans eta ez-binarioentzat ahotsa modulatzen ikasteko ikastaroa emango du Bilboko La Sinsorga kulturgunean. Bere asmoa ez da inoren ahotsa feminizatu edo maskulinizatzea —halakorik posible balitz— baizik eta ahotsa esploratzeko tresnak ematea. Ipurdia, masailak, besoak entrenatu daitezkeen bezala egin daitekeelako ahotsa ere. Haragia gara. AaAaAaH, aaaaa, aaaaa. Comic Sans, Ariel, Times New Roman. Bermudezek, Logopeden elkargotik, Eusko Jaurlaritzari protokolo bat aurkeztu nahi dio ahots entrenamendua denentzat eskura eta doan egon dadin. Baina oraindik ere lehenago esango digute gauza batzuk ezin direla aldatu, bakoitzaren ahotsa bakoitzaren ahotsa dela, eta hala ez bada, hobe dela isildu, eta kito.

Ahotsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu