Sentsazio arraroa da parekoa zurekin aspertzen ari dela konturatzea, are laguna bada. Baina bai, seko aspertzen ari zen nirekin, eta nik bere asperdura ikus nezaken, usaindu, ia-ia dastatu. Nekatuta ote zegoen galdetu nion, eta berak ezetz, nahiko deskantsatu zuela bart. Hagin guztiak ikusteko moduko lehoi orro isil bat egin zuen, ordea. «Aspertzen ari zara?» —«aspertzen ari natzaizu?» zen kasu honetan forma zuzena, baina natzaizu ez zaio esaten lagun bati, baldin eta aspertzerik ez baduzu nahi—. Lagunak mugimendu oies batez erantzun zidan ezetz, nola ba, aho-zabalka askotan hasten dela, ez zekiela zergatik, oxigenoa hobeto hartzeko-edo zela. Txanogorritxoren otsoaren desenkusa xehatzen jarraitu zuen berak, eta orduan niri atera zitzaidan aharrausia. Biok hasi ginen barrez, eta aharrausien kutsatzen zergatiez hasi ginen hizketan. Halaxe segitu genuen elkarrizketa, aharrausiek uzten zituzten espazioetan hitzak txertatuz. Batzuetan, erantzun bat bi edo hiru zatitan banatu behar izan genuen, eta edozein iruzkinen tonua aldatzen zen distortsio logaletsuarekin. Kuriosoa izan zen, baina uste dut ez ginela aspertu.

Aho-zabalka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu