Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Ahaztuegia

2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Bezpera amaigabea da bizitza, amaitzen den arte. Orduan iragana bihurtzen da, eta berdin egun bakoitzarekin: gaurkoaren bezpera zen atzo, baina jada ez da atzo besterik, eta bihar herenegun, eta gero putzura. Eta albiste berriek tapatuko dute zaharren oihartzun ahula, eta geurea ez balitz bezala oroituko dugu iragana.

Urtearen bukaeran akaso ez da egongo lekurik Iñigo Cabacasen familiari dena ahazteko dirua eskaini ziotela esateko, auskalo non ibiliko den Ares, eta guk ez dugu gogoratuko, ordurako beste kontu batzuk izango ditugu buruan, ia-ia ahaztuta edukiko dugu nola aldatu zuten Hauteskunde Legea ETAren «presioa» jasan zutenek bozka eman ahal izateko, ez gara akordatuko egunotako meatzarien martxarekin, ohitu egiten gara, eta ohitu egingo gara Espainiako Gobernuak herenegun aurkeztutako neurrietara, edozer jasan dezakegu norbera harrapatzen ez duen bitartean. Oso memoria laburra dugu; Ramon Saizarbitoriaren hitzak dira: «Beharbada ahaztuegia dauka jende askok diktadura zer zen. Gezurra dirudi zein arin ahaztu dugun beldurra nagusi zen garai hura, lasai hitz egiterik ez zegoen garai hura, estatu polizial batean bizi ginen garai hura.»

Gezurra dirudi zein arin ahazten dugun dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.