Agur, Louise Michel, urte askotarako Birjina gorria. Gaur ehun eta hogei urte Marseillako Oasis hotelean heriotzak bere egin zintuenetik. Baten bati metafora polita irudituko zaio oasi batean ematea azken arnasa, baina ez dut uste zuri graziarik egingo zizunik. Ez dakit heriotza-urteurrenak ospatu behar diren. Zuk zer uste duzu, Louise? Victor Hugori 1874ko irailaren 8an idatzitako gutun hartan heriotzaren alde egiten zenuela iruditu zitzaidan: «Ez al da egia heriotzak bizitzak baino gehiago balio duela hor gaudenean, batzuetan behintzat, gehiago atzematen dela erruki erabat sakona gizartearen desengainu guztiarekiko?». Hor gaudenean antzematen da beti desengainua. Badakizu? Zugandik distantzia gutxira, zure heriotza-urteurrenetik hiru urtera jaio zen Simone de Beauvoir. Egun batzuetan historia egiten da. Elkarrekin asko eztabaidatzen imajinatzen zaituztet, kafeak hartzen, eta gereziak jaten. Orain, Gerezien denbora eleberri bat ere bada, eta Birjina gorria pelikula iraultzaile bat. Orain, horrelako gauzak dira iraultzaileak. Agur, Louise, nik ere aldarri egin nahi nuke Germinal.
Agur, Louise
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu