Batera suertatu zaizkit zutabe hauen idazketa eta azken hamarraldiko bizilekutik joateko prozesua. Antzina ez nituen batere gradualki egiten halakoak, braust baizik, baina aldaira honen bukaera-fasean hara non hilabete joan zaidan ohartzerako. Halako aldarte batean pasatu dut azaroa, bada: joan aditzaren orainaldiko lehen pertsona singular trinkoa esan eta esan. Banoa. Esan goizetan balkoitik sartzen den argiari, esan niri neuri —hemen izan naizenari—; esan, noski, jendeari. Honako aldarte honetan ez didate balio izan —beste hainbestetan ere motz geratzen diren eran— biko dikotomiko elkar baztertzaileek. Triste eta pozik nago. Erabakiarekin zeharo lasai eta bihotza erdiratuta. Anne Carsonek erosari buruz dio gozomingotsa dela; hala definitu omen zuen Safok. Maitaleak, izan ere, erosaren pasioarekin batera sentitzen omen baitu hura galtzeko izua. Ez ostean, ez aurretik: aldi berean.
Aldarte gozomingotsak betetzen didala barrena, ez nuke agurtu nahi eskerrak eman gabe testuok bezperan txekeatu dizkidaten amante neureei, Onintza Enbeitari eta egunkariari: ohorea. Laster arte, bebes.