Kremaileradun jertse bat nahi nuen, poltsikoduna eta beltza. Baina hori ez zen egia osoa. Berez-berez nahi nuena Adidas jertse bat zen; ez Puma. Adidas daramatenetakoa izan nahi nuen. Akaso ez nukeen erosiko gaur dakidana jakingo banu. Adidas ez baita Puma, baina elkarren artean odolezko harremana dute: Dassler familiarena. Zapatarien familia honetako semeetan zaharrenak, Rudolfek, eta hirugarrenak, Adolfek, etxeko lanbideari segida eman nahi izan zioten. Adolf artisau iaioa zen eta Rudolf komertzial ona. Futboleko zapatiletan lortu zuten negozio nitxoa. Bigarren Gerra Handian, ordea, autoritateek Rudolf gudarostera bidali zuten, anaietan esentzialena Adolf artisaua zela erabakita. Gerra amaitzean anaien artekoa lehertu egin zen, eta Adolfek Adidas sortu zuen, Rudolfek Puma. Gatazka hain izan zen lohitua non euren herria, Herzogenaurach, lepo okertuen herria bihurtu zen, herritarrek zapatiletara begiratzen baitzuten inor agurtzerakoan.
Egun, Adidas da munduko bigarren kirol-marka hedatuena; Puma, hirugarrena. Elkarren arteko lehiak badirau. Baina egun, artisaua edo komertziala gerrara bidaltzekotan balira autoritateak, esentzialtzat zein luketen ez daukat dudarik.