Badakizu propaganda politikoa dela, armen industriaren beste estrategia bat, eta halere alarma hotsak entzuten dituzu. Europar Batasunak 72 orduko larrialdi kita prestatzeko eskatu du. Zu ere erori zara jolasean, eta errepasatzen hasi zara ea zer dagoen izozkailuan, komuneko papera falta duzuela pentsatu eta Errigorako saskiak garaiz iristea desio duzu. Zer egingo zenuke 72 orduan? Gero analista jartzen zara, eta amorratu, Trump Ukrainako gerra bukatu nahian zebilelako, NATO utzi nahi duelako, eta Europa sumatzen duzulako, kasu honetan, egoen xextran. Eta oi gu hemen. Garcia Marquezen ipuin harekin oroitzen zara. Zerbait oso larria gertatuko da herri honetan izenburua du ipuinak, eta «autobetetzen den profeziaz» dihardu: denek zerbait larria gertatuko dela uste dute herrian, eta azkenean, zerbait oso larria gertatzen da. Inork ez du ezer egiten zerbait larria galarazteko, eta denek jokatzen dute horren arabera. Berrarmatu, eta berrarmatu delako berrarmatu, eta berrarmatu delako, segi berrarmatzen, eta tira eta punba, eta azkenean, zerbait oso larria gertatuko da. Edo ari da gertatzen. Beldurra libre dabil, eta lotu egin du.

72 ordu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu