Hirurogei urteko abokatu eta kazetaria da Alejandra Rodriguez. Apiriletik Argentinako missa eta Unibertsokoa izateko hautagaia. Albiste bihurtu da, orain arte adin horretako inork ez duelako halako bandarik jaso. Katu begiak, ikatz koloreko ilea eta erlieberik gabeko hortzak ditu Alejandrak. Sarean bere izena ipintzen baduzu elkarrizketa eta erreportaje andana azalduko zaizkizu, gehienak bere edertasunaren sekretuez galdezka. Elkarrizketa batean aipatzen du genetika onekoa izan dela beti, amarengandik datorkiola, hark ere gazteagoa zirudiela. Elikadura ere asko inporta zaio Alejandrari. Begetarianoa da eta ez du azukre edo irinik jaten; fruta eta barazkiak. Gutxienez astean hiru aldiz egiten du ariketa fisikoa, meditazioa, eguzkia hartu, itsasoa entzun, eta edertasunaren sekretuetan azkena, neskazahar izatea. Orain dela urte batzuk banandu zen eta egun ez du mutil-lagunik. Bere ustez, kezkarik eta zimurrik ez izateko gakoa hori ere izan da. Apuntatu: bikotekiderik ez izateak edertu egiten du.
60 urteko missa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu