Paul Bilbao Sarria.
HEZKUNTZA BIDEGURUTZEAN (ETA XIII)

Jauzi egiteko unea

2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Hezkuntzako eragile nagusiek eta Euskalgintzaren Kontseiluak, 2008. urteko maiatzean, belaunaldi berri euskaldunak (eta eleaniztunak) bermatzeko proposamena jarri zuten mahai gainean: Ikasle Euskaldun Eleanitzak. Kezka baten emaitza izan zen. Izan ere, EAEko derrigorrezko hezkuntzako ikasleen euskara mailari buruzko azterketak ordura arteko susmoak egiaztatu zituen: ikasturtero milaka ikasle euskara-gaitasun egokirik gabe ateratzen ziren ikastetxeetatik. Errealitate horri erantzuteko landu zuen Kontseiluak proposamena, eragileekin eta hainbat aditurekin adostuta.Eta Nafarroako errealitate juridiko-administratibora egokitu zuen ondoren.

Hiru ardatz nagusi ditu proposamenak. Batetik, etapa eta ziklo bakoitzean hizkuntzen arteko denbora-banaketa egokia egitea proposatzen du, euskarazko murgiltze- edo mantentze-eredua oinarri hartuta. Bigarrenik, ikastetxe guztietan hizkuntza-proiektu integralak garatzea jasotzen du, euskarari tratamendu egokiagoa emateko. Eta, hirugarrenik, ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza-gaitasunak definitu eta betetzeko neurketa egokia proposatzen du, LH4n eta DBH2n egiten diren hizkuntza-ebaluazioen ordez, ikasleen hizkuntza-ibilbideari jarraipena egiteko sistema ezarriz.

Hamabost urte igaro dira, eta ez da Ikasle Euskaldun Eleanitzak egikaritzeko erabaki edo neurri politikorik hartu. 2020ko azaroan, ordea, ezagutzarenunibertsalizazioaren inguruko Euskararen herria euskal hiztun jardunaldietan elkartu ziren hezkuntza-eragileak, eta berretsi zuten proposamenaren balioa. Erronka berriak ere aipatu zituzten: ikasleen aniztasunari eta gizarte aldaketei egoki erantzuteko diagnostikoa egin behar da, digitalizazioaren erronkari euskaratik eta euskaraz ere erantzun behar zaio, eta euskararen ezagutza unibertsalizatzeko beharra azpimarratu zuten, bai eta horri lotutako erabilera ziurtatzea ere.

Gainera, 2008ko kezkak areagotu baino ez dira egin azken urteotan. Hainbat azterketak ostera ere erakutsi dute derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan ikasleek euskara-gaitasun egokirik gabe jarraitzen dutela. Eta pandemiak are gehiago gordindu du egoera: ikastetxeak itxita, milaka ikasle euskararik gabe geratu dira, eta bertan behera utzi dira ikasleentzat euskararen arnasgune izaten diren hainbat aisialdi-jarduera. Ez dago zalantzarik ondorio larriak izango dituela ikasleen euskara gaitasunean.

Horregatik, Kontseiluak uste du erronka horiei erantzungo dien jauzia egin behar dugula. Beharrezkoa bezain nahitaezkoa dugu. Hamabost urteren ondoren, gure kezkek bizi-bizi jarraitzen dutelako.

Bide horretan ari da lanean Kontseilua; hezkuntzari begira ez ezik, baita marko orokorrago bati begira ere. Zehazki, hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialak eraikitzeko prozesua du martxan. Etorkizuneko politiken norabideak zehazteko egitasmoa da, eta jada ikusten ari gara euskara eroso erabiltzeko baldintzak bermatzea izango dela etorkizuneko xede nagusia. Hau da, eguneroko jardunean euskara bazterketarik gabe eta aparteko esfortzurik gabe erabili ahal izateko espazioak eta baldintzak sortu behar dira. Horretarako, neurri eragingarriak hartu, eta norbanakoei gaitasunaren eta jarreren konbinazioari lotutako konpetentziak bermatu beharko zaizkie (erabiltzen jakitea, erabili nahi izatea eta erabili ahal izatea). Horregatik, garrantzi berezia du hiztun guztiek euskara erabiltzeko gaitasun egokia izateak, elebidun orekaturik gabe nekez beteko baitira hiztunen arteko erabilera erosorako baldintzak.

Hezkuntza-sistema oinarrizkoa da horretarako: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko zutabea da. Bertatik etorri da azken urteotako euskalduntze emari nagusia, baina emari horrek baditu mugak eta zailtasunak, aipatu dugunez. Horregatik ari gara 2008tik esaten jauzi egin behar dugula, eta, gainera, badakigu nola: ikasle euskal elebidun orekatuak bermatzeko murgiltze-eredua ikaseredu orokor gisa ezarri behar da, eta egungo ikasleen gaitasun gabeziei erantzuteko elementu berrituak jaso behar dira, besteak beste. Noski, inor bazterrean utziko ez duen eredua izan beharko du, eta gutxien duenari gehiago emango dio. Era berean, ikastetxe guztietan hizkuntza-proiektuak garatzeko betekizuna jarri behar da, eta behar beste baliabide tekniko eta ekonomiko jarri; baita etorri berri diren ikasleei arreta berezia eskaini ahal izateko ere. Horrekin batera, garrantzitsua izango da ikasleentzako erabilera erosorako espazioak sortzea, eta ikasleen motibazio afektiboa ere landu beharko da, esaterako, euskal kulturaren transmisioa curriculumean egoki jasoz eta garatuz. Hori guztia bideratzeko, hortaz, lege-marko berria beharko dugu.

Ez dezagun ahaztu: printzipio askoren kontra, oraindik, hizkuntza-segregazioa aplikatzen da gurean, eta, ondorioz, milaka ikasleri ukatu egiten zaie berezko hizkuntza modu egokian ezagutzeko eskubidea. Kontseiluak uste du parametro horietan kokatu behar dela hezkuntzaren auzia, eta bidegabekeria horri albait arinen erantzun behar zaiola, ikasleen eskubideak erdigunera ekarriz. Gizarte kohesionatu eta berdinzaleagoa lortzeko ezinbestekoa da.

Jauzi egiteko unea da, beraz. Ezin ditugu beste hamabost urte galdu. Errealitate juridiko eta administratibo desberdinak ditugu, baina norabide bera. Kontseilua lanean ari da adostasunetatik aurrerabidea egiteko, eta hezkuntza-komunitatearen babesarekin marraztu du norabidea. Hik Hasi aldizkarian berriki irakurri bezala, hezkuntza eta euskararen gaian handira jokatzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.