Bihar gorbata janzteko gomendatu dio Iñaki Anasagastik Paul Riosi. Une garrantzitsuek gorbata eramatea eskatzen dute, Anasagastiren arabera, eta biharko konferentzia, blogari jeltzalearentzat ere, oso munta handikoa da. Apustuak daude Twitterren, Lokarriko burua gorbatarekin edo gabe agertuko ote den bihar Aieteko jauregira.
Lerro hauek idazteko momentuan (ostiral iluntzea) Konferentzian zehazki zeinek parte hartuko duen ere ez dakigu, baina dagoeneko denok dakigu, baita Anasagastik ere, mugarria izango dela. Zer dela eta?
Lehen seinalea, Jonathan Powell. Ez da edozein. Tony Blairren gobernuko kabinete burua zelarik, IRArekin zein Sinn Feinekin negoziatu zuen gobernu ordezkaritzaren burua izan zen. Euskal gatazkari dagokionez, 2005-2007ko prozesuaren bukaerako Genevako negoziazioetan buru-belarri aritu zen, bitartekari lan aktiboan. Barajasko atentatuaren ondoren Espainiako Gobernua berriro ETArekin hitz egitera joan bazen, Tony Blairren Gobernuak bultzatuta izan zen, Jesus Egigurenen arabera. Genevan ez zegoen Blair, Powell baizik. Irlandako negoziazioei buruzko bere liburuan (Great Hatred Little Room) egindako aipamen laburra salbu, Powellek ez du euskal gatazkaren arloan izandako parte hartzeari buruz jendaurrean ezer esan. Bruselako Adierazpenaren sinatzaileena artean zegoen, baina ez da sekula ezertan agertu. Gaur egun, Henri Dunant Zentroaren webgunean staff-eko kideen artean ageri da Powell —eta Javier Solana, ohorezko presidente gisa—. Beraz, Bake Konferentziaren aurkezpenean mikrofonoaren aurrean Powell ikusteak zerbait esan nahi zuen. Gehitu horri Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak Irish Times-i zer esan dion —Euskal Herrian hainbat aldiz izan dela azken bi urteotan, «Espainiako Gobernuaren baimenarekin»— eta, hori aitortu ondoren, Bake Konferentziara datorrela berretsi duela. Gero, Jesus Egiguren bere kasa beharrean konpainiarekin datorrela jakin dugu, bedeinkazio guztiekin alegia, PSE-EEko ordezkaritza ofizialaren buru. Argazki orokorrari begiratuta, ez da hain garrantzitsua Patxi Lopez lehendakaria munduaren beste aldean izatea, PSE-EEk ordezkaritza ofiziala bidaltzea baita erabakigarria. Dena den, ez nintzateke batere pozik izango Ajuria Eneko aholkulari taldean banengo, Lopezen lehendakariaren huts egiterik handienen artean sartu beharko baita akaso legealdiaren azken balantzean.
Ez harritu Bake Konferentziaren azken ondorioak aurrez negoziatuta eta idatzita baldin badaude; Espainiako Gobernuak eta alderdi sozialistak ondorio horien jakinaren gainean hartu baldin badute parte hartzeko erabakia; eta Konferentziaren ondorioetan Patxi Lopezek politika orokorretan proposatutakoaren oihartzunik agertzen baldin bada; esate baterako, presoak gerturatzeko proposamena. Ezkutuan asko aurreratu behar izan dute, jendaurrean biharkoaren tamainako pausoa emango badute. Orain arte aurreratutakoaren seinale da biharkoa, baina, batez ere, dagoeneko idatzita beharko lukeen egutegi baten abiapuntua izan daiteke. Konferentziaren ondorioetan ustekaberik ez da egongo ETAri dagokionez: behingoz uzteko eskatuko diote. Eta, susmo guztien eta adierazpen askoren arabera, erakunde armatua erabaki horren berri ematekotan da. Lehenbailehen bideratzen hasi beharreko gaiei buruzko ondorioak ere aterako dituzte Konferentzian: presoak, biktimak, alderdien legeztatzea... Ea noraino iristen diren —edo, hobeto esanda, ea noraino erakusten duten—, PSE-EEk sinatzeko moduko dokumentua izan behar duenez. Eta garrantzitsua: gatazkaren sustrai politikoei buruzko alderdien arteko elkarrizketak sustatzeko borondatearen arrastorik ere agertu beharko luke ondorioetan, konferentziako parte hartzaile guztiek baitakite auzi politikoa ez dela ETAren jardun armatuarekin bukatzen.
Rios jauna, jantzi gorbata.
Handik eta hemendik
Jantzi gorbata
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu