Jantoki eredu berri bat sortu behar dugu

Lurdes Imaz.
2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
EAEko ikastetxe publikoetako jantoki-ereduak ez ditu asetzen gaur egungo eskola-komunitateak. Segurtasunaren izenean eredu zurrunegia eratu da eta gurasoak galdu egin dugu seme-alabek jaten dutenaren kontrola, ez da aprobetxatzen jantokiak izan dezaken eginkizun hezitzailea eta ikastetxeei kendu egin zaie ahalmena erabakitzeko zer nolako jantokia nahi duten.

Asko gara jantoki eredu berri bat aldarrikatzen dugun eragileak, eta «Gure platera gure aukera» ekimenean bildu gara horietako batzuk. Ekimen honen baitan beste erkidego eta herrialdeetako esperientziak ezagutu ditugu, administrazio eta eragile politikoekin bildu gara, esperientzia pilotuak lagundu ditugu eta ikerketa eta hitzaldiak egin ditugu, besteak beste.

Hilabete honen amaieran momentu bereziak biziko ditugu. Izan ere, urtarrilaren 26an egungo jantoki-ereduaren ikerketaren emaitzak ezagutuko ditugu eta Christophe Corbieren bisita jasoko dugu, Frantziako Isère departamentuan bigarren hezkuntzako jantokiak bertako produktuekin eta ekologikoekin kudeatzeaz arduratzen den teknikaria. Euskal Herriko administrazio desberdin, eragile politiko eta sozialekin bilduko gara erakusteko badagoela aukera erakunde publikoetatik bestelako jantoki-eredu jasangarriago bat eraikitzeko.

Egungo eredua oso zurruna da eta gurasoak ezin dugu erabaki zer jango duten gure seme-alabek eskolan, kostuaren zati handiarena gure poltsikotik ordaintzen dugun arren. Ez dakigu nondik datozen elikagaiak, nola iritsi diren gure seme-alaben plateretara eta ikastetxeak ezin du aukeratu zerbitzua emango duen enpresa.

Jantokiak ez dira gune erakargarriak ikasleentzat, eskola askotan plazak falta dira eta ez da aprobetxatzen jatorduak izan dezaken eragin hezitzailea.

Autokudeaketa esperientziek erakutsi dute badagoela jantokia kudeatzeko beste modu bat, inguruarekiko errespetuan oinarritua bertan eragin ekonomikoa duena eta kalitateko elikagaiak eskaintzen dituena.

Badakigu autokudeaketa ez dela aukera bakarra, baina argi dugu lagunduko digula etorkizuneko eredu berria eraikitzen. Badira erakunde publikoetatik sustatutako beste eredu batzuk, Orduñak udal sukaldea kasu. Trabak lehen bait lehen gainditu eta sukalde honek eskola bertako produktuekin hornitzea espero dugu epe motzean.

Izan ere, ezinbestekoa da administrazio desberdinen inplikazioa, herri zein erkidego mailan. Eta Isère-eko ordezkariak erakutsiko digu posible dela erakunde publikoetatik beste eredu bat sortzea, bertako produktuekin eta ekologikoekin ahal den neurrian.

Gobernu berriaren helburua izan beharko litzateke eredua aldatzea. Gu prest gaude, inplikatuta dauden gainontzeko eragileekin batera, eredu berri hori sortzen laguntzeko.

Urtebete pasatu da Eusko Legebiltzarrak adostu zuenetik mahai bat eratu behar dela inplikatutako eragileekin egungo araudia aldatzeko, eta ikastetxe bakoitzak aukeratu behar duela nola kudeatu nahi duen bere jantokia. Bada garaia bide hori abiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.