martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Jakobinoak Ipar Katalunian

2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Askotan entzun diegu Frantziako historian adituak direnei Frantziako estatuaren egitura eta antolaketa politikoa oso bestelakoak izango ziratekeela jakobinoen eta girondinoen arteko borrokan bigarrenek, Frantzia federalaren aldekoek, irabazi balute, eta ez lehenek, zentralista amorratuek. Hortik pasatu da historia hiztegietara jakobino adiera, alegia, estatu egitura zentralizatua eta antiautonomistaren aldeko joera politikoa azaltzeko erabiltzen dena.

Montpellierko Administrazio Auzitegiak erabaki du Ipar Kataluniako hainbat udalen bilkuretan ezin dutela katalanez hitz egin, eta gero frantsesera itzuli. Katalanez egin nahi izatekotan, lehendabizi frantsesez egin behar delako eta, ondoren, katalanera itzuli. Emandako argudioak potoloak dira, hitz lodiak erabili dituzte, jakobinoen estilorik puruenean: Frantziako Konstituzioaren aurkako praktika da, frantsesa bigarren mailan jartzea da...

Gure herrian, auzitegi batetik bestera dabil euskara azken hilabeteotan, inoiz ez haren alde. Erakunde publikoen lan deialdietan euskara eskatzeagatik ari dira eramaten sindikatu eta norbanako batzuk deialdi horiek auzitegietara; eta gure epaile jakobinoak,hobeto leudekeenak Cervantes Institutuak Siberian zabaldu beharko lukeen bulegoan, atzera botatzen ari dira deialdiak, erridikuluak diren argudioekin batzuetan. Espainiako Konstituzioaren arabera, baztertzailea da euskara eskatzea erakunde publiko batean lan egin nahi duenari.

Gure erabateko autogobernua ez daukagun bitartean horrelako asko jasan beharko ditugu. Botoez lortzen ez dutena epaileen bidez lortu nahi dute.

Ipar Kataluniako udalen batzarretan gaur egun katalana erabiltzen duten hautetsiek bakarren bati eman beharko dizkiote eskerrak, bi talde horien arteko borroka gogorrak gertatu ziren urtean, 1793an, ez bizitzeagatik. Bestela, haien buruak, jakobinoek girondinoekin egin zuten legez, gillotina azpiko saskian egongo ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.