Julen Azcona
EGUZKI EPELEAN

Izena akelarre bat bezala

2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Michael Enderen Amaigabeko istorioa eleberrian, Bastian izeneko protagonistak Haur Enperatrizari izen bat jarri behar dio bere bizitza, eta Fantasia mundu osoarena, salbatzeko. Izena Ilargiaren Alaba da eta Bastianek ozen oihukatu behar du, Ezereza izeneko deabru misteriotsu batek mundua irensten duen bitartean.

Halako zerbait gertatzen zaio Estibaliz Urresolak zuzendutako 20.000 especies de abejas pelikularen protagonistari. Aurten estreinatu den filmean, zortzi urteko Luciaren bidaia izen propioa eskuratzearena da: norberak erabaki dezakeen izena ozen oihukatzearen garaipena, inguruko munduari forma berri bat emateko, Ezerezak ez irensteko. Izenak funtsezko paper bat dauka Lucia bezalako haur transen bizitzetan. Genero identitatea berresteko prozesuan, jaiotza-izenari deadname deitzen diote mundu anglosaxoian (hildako izena). Beraz, izen berriak kutsu magiko bat dauka, berpizkundearena, inguruan efektu politiko eta sozialak sortzen ahal dituena.

Lucia ez dago bakarrik. Iaz, Frankfurteko Liburu Azoka ospetsuan, dirutza handia eskaini zen Espainian idatzitako La mala costumbre eleberria nazioarte mailan argitaratzeko. Liburuan, Alana S. Porterok haurtzaro eta nerabezaro transak gogoratzen ditu, Madrilgo langile-klaseko San Blas auzoan. 2019an, errealismo magikoaren tradizioari jarraitu zion Camila Sosa Villadak, idazle eta aktore argentinarrak, Cordobako prostituta transen bizitza azalduz Las malas eleberrian. 2022an, Alejandro Albanek gizon trans bezala bizitako esperientzia bildu zuen Solo los valientes autobiografian.

Adibide horietan guztietan fenomeno bera gertatzen da: izena ospatzen da akelarre bat bezala. Literaturan, zineman, artean, bizitzan... errealitateari izena jartzea da behar den gauza bakarra gizartean aurrerapausoak emateko. Pixkanaka, argitaletxe eta zinema-estudioek bazterretan ezkutatzen ziren istorioengatik apustu egiten dutela dirudi. Errepresentazioa garrantzitsua da, hedabideetan, kulturan, politikan. Enpatia hedatu, biolentzia LGTBIfobikoa amaitu eta hurrengo belaunaldiek beldurrarekin bizi ez izatearren. Edo, besterik gabe, trans bizitzak giza bizitzak direlako, berez garrantzia dutelako, bere istorioak kontatuak izatea merezi dutelako. Mundua existitzen ez delako, bere izena ozen esaten ez den arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.