Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Itzuli arte!

2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Martxelo erretiroa hartzeko zorian dela, azken Galeusca honekin iritsi gara denboraldiaren amaierara. Espero dugu Amagoia Mujikak bat egingo duela iritzi zutabeen truke honekin, eta zerbait asmatuko dugula Galiziako eta Herrialde Katalanetako irakurleek zure berri izan dezaten aurrerantzean ere, Martxelo.

Aste interesgarriak datoz, uztailaren 23an estatuan egingo diren hauteskundeak direla eta. Berez, bi egoera posible daude: batetik, gerta daiteke Pedro Sanchezen PSOEren bueltan gehiengo bat eratzea, indar nazionalisten babesarekin, eta beste aukera da Alberto Nuñez Feijooren —irakurle euskaldunek eta katalanek ondo ezagutzen duzue, urte hauetan gure zutabeak irakurri dituzuenez— PPren bueltan sortzea gehiengo talde bat, Voxen ultraespainolismoaren eskutik. Inkesten arabera, azken hori gertatuko da, baina ezer ez dago erabakita, eta uda hau ez da batere aspergarria izango informazioaren ikuspuntutik.

Izan ere, aste honetan zirku moduko bat ikusi dugu, PP saiatu baita gu konbentzitzen ez duela Voxekin hitzarmenik egingo nola hala. Extremadura da horren adibiderik argiena orain ere, PPko hautagaia ahaleginak egiten ari baita alderdi ultraespainiolistatik urrun dagoela erakusteko, alderdi horren matxismoaren harira, baina ez gaitezen engaina. PPri ez zaio axola bere bazkide naturalak indarkeria matxista ukatzea, ezta arrazista izatea ere. Horra hor, adibidez, Valentziako kasua: tratu txarrak emateagatik zigortutako batekin egin zuen ituna PPk, eta Feijook, modu penagarrian, barkamena eskatu zuen argudiatuta hautagai hark «dibortzio gogorra» izan zuela. Balearrak dira beste adibide bat, hango hautagai nazkagarriak emakumeak gutxiesten baititu. Extremadurako taktikaren helburua zera da, posizio hobea lortzea akordio baterako, eta, aldi berean, gauza askotan bat datozen bi alderdi horien arteko itunak zuritzea.

Uztailaren 23ko hauteskundeen emaitzen mende dago Galiziarekin hartutako konpromiso garrantzitsu batzuk betetzea edo ez, oraingoz ez baitira zehaztu. Esate baterako, AP-9aren transferentzia: Espainiako alderdiek babesa erakusten diote Galizian, baina bertan behera uzten dute, behin eta berriz, parlamentuaren proposamenak Madrilera iristen direnean. Era berean, Galiziako nazionalismoak Kongresuan lortzen duen pisuaren mende egongo da Galiziarentzat mesedegarriak diren neurri horiek ezartzea edo ez, nahiko pisua lortzen badu gai izango baita Espainiako Gobernuaren ekintzei aurre egiteko.

Irailean irakurriko dugu elkar!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.