Iruñea bidegurutzean

BERRIA.
Aitor Txarterina.
2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Alemaniara joan nintzen estreinako hartanStuttgartera heldu nintzen, bizikleta eta guzti. Muntatu ondoren, aireportuan irteeratik atera nintzen, ene bidaia hasteko asmoz. Atea gurutzatu bezain fite, aho bete hortz. Begien aurrean bidegorria zegoen, kartel argi batekin: «Norden-Sudden», norabide bakoitzeko gezia alde banatan. Ez nuen espero hain gertu bidegorri bat. Ez nuen espero. Hegoaldera abiatu nintzen, xalo-xalo, aireportuko halletik bertatik. To eta no.

Loiuko aireporturabizikletaz iristeko, Mungiatik iristea otu zitzaidan. Bidegorri batetik urrundu nintzen, harik eta autobide erraldoi baten ertzean laga ninduen arte. Helburua aldatu zen; jada heltzea ez zen garrantzitsuena. Une hartan bizirik ateratzea zen xede zentrala.

Badakit aireportuena eredu okerra izan daitekeela mugikortasunaz hausnartzeko. Alta, bi adibide hauek primeran azalarazten dituzte bi eredu erreal. Bata zuzena, eta bertzea negargarria.

Eta Iruñean, zer gertatzen da? Erantzuna: mugikortasun arloa borroka-zelai bilakatu dela, bertze hainbat arlotan gertatzen den gisan; esate baterako, Gipuzkoa eta zaborra.

Iruñea bezalako hiri batean hainbat gabezia, hainbat akats, hainbat injustizia daude konpontzeke. Begirada holistikoa ezinbertzekoa da zuzen eragiteko. Urbanisten axioma ederra da erratea zortzi urteko haur batendako hiria erosoa baldin bada guziondako dela erosoa. Alde batetik haurra eta bertze aldetik 80 urteko gazteen ikuspegia aintzat hartu beharko genuke. Trafikoak hildako azken bi pertsonek 72 eta 67 urte zituzten auto bik harrapatu zituztenean.Biak zebra bidean hil ziren. Trafikoa moteldu behar da, baina Iruñean autobideak erdialdean ditugu. Errei biko bideak.

Hauexek dira korapilo gordianoa Iruñean: Nafarroa Behereko etorbidea, Armada, Pio XII.arena, Baiona eta Zaragoza etorbidea. Guziak erdialdean.

Une honetantxe eztabaida kokatua dago Pio XII.aren etorbidean, Lizarrako bidean. Kontu teknikoa ei da, zentzu batean, erabaki behar dena. Politikak dena zipriztintzen du, hemen eta Kalkutan. Borroka-zelaia horrela dago zedarritua; alde batetik, ring-eko eskuinaldean UPN dago, eskularru gorriekin (nola bestela). Haren ondoan PSN dugu, eskularru beltzekin eta galtzak purpura. Bertze cornerrean udal taldea dugu, non Aranzadik galtza urdinak eta eskularru horiak erabiltzen dituen. Gertu bezain hurbil ezkerra dago, toalla eskuan. Ring-eko bertze cornerrean EH Bildu dago, superwelter irabazi berritan, galtza marradun berde pistatxo eta laranja. Epaile lanetan, Geroa Bai dugu, udal taldetik gertu baina ringetik aparte. Horrela dago giroa.

Arazoa, oraingoan, taktika politikoak dira. Geroa Bairi bizikletaren guru batek aholkatzen dio zer egin eta noiz, eta nola, arlo honetan, asko dakielako, benetan. Arazoa da gizon honek Kalifa izan nahi duela kalifaren ordez, eta norabide horretan tematuta dagoenez gero, egiazko galga da. Ardoa ukitu eta ozpintzen du. Aiene.

EH Bildu dago alkatetzan, otzan. Aranzadirena da mugikortasun arloa. Kontsentsu falta dela aipatu da. Ea nola askatzen den korapiloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.