Irudia, kontsumoa eta ezagutzaren ilusioa

2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Guztiari argazkia atera beharraren arrazoi behinena kontsumoaren logikan dago. Kontsumitzeak erre esan nahi du, ahitu; eta, beraz, berriz hornitu beharra. Irudiak egin orduko kontsumitzen ditugu, eta, beraz, irudi gehiago behar ditugu, eta gero eta gehiago...». Kontsumoaren eta erreprodukzioaren arteko lotura zatiezina dela iradoki zuen Susan Sontagek On Photography liburuan, duela mende erdi. Gainetik kendu ezin ditugun gailuen edukiekin elikatua dagoen ehun sozial batean bizi gara. Sakelako telefonoen iragazkien bidez bizi gara, klik baten bidez. Argazki bat ateratzeak ekintza kontsumista hutsa izan nahi badu ere, ziurrenik bestelako ondorioak ere baditu —irakurketa digitalari buruz Maryanne Wolfek azaltzen digun moduan—; besteak beste, arreta eta kontzentrazioa galtzea—jadanik gertatzen ari dena— eta kritikarako, analisirako eta enpatiarako gaitasun prozesuak etetea.

Haurtzarotik irudi fotografikoarekin izan dugun harremanak alde handiak ditu gure aurreko belaunaldiekin. Baina kamerako enkoadratzearen eta bere iragazkien bitarteko mitifikazioa eta idealizazioa ez da desagertu.

Ezta ikusten dugun egiari buruz eraikitzen dugun ideia ere. Sinesten badugu ikusten duguna dela egia, arazo bat dago, eta horrek gazteengan ondorio mentalak eragiten ditu, ezin lotuzkoa den horren atzetik bizitzeagatik.

Joan Fontcubertek fikzioari eta gezurrari buruz egiten zituen ariketa fotografikoek gako garrantzitsuak eman ditzakete haur, nerabe eta helduen formakuntzarako kontsumitzen eta produzitzen ditugun irudiei buruzko harreman inteligenteago eta desmitifikatzaileago bat edukitzeko.

Ispiluen eta distortsioen jolas hori edozein jarduera herrikoitan agertzen da, eta baita hain herrikoiak ez direnetan ere. Haietan erraza da nerabeak topatzea kulturaren munduan ezagunak diren pertsonekin argazkiak ateratzen. Jarduera kulturaletan modu masiboan argazkia ateraz edo gu argazki haietan aterata, kulturaren maitale bihurtuko garela pentsatzetik urrun, hartzen diren irudiak aitzakia hutsa baino ez dira, honako hau azaltzeko: «Hemen nago eta hemen egon naiz», existitzen naiz. Ekintza hori egiten da jabetu gabe argazki hori atera orduko argazki horren kontrola galdu egingo dela, big data-ren elikagai izango direla irudi horiek, ezjakin izanda sarera bidaltzen denak norberarena izateari uzten diola eta trolla elikatuko duela.

Irudiak barnebiltzen dituen harremanen garapenak eta sare sozialak antsietate modu berri bat ari dira eraikitzen, zeina lotua dagoen beti konektatua egotearekin eta erakustearekin. Besteek etengabe partekatzen dituzten «esperientziek» «zerbait galtzeko beldurra» eragiten dute, eta hori gertatzen da, labur esanda, gizarte kapitalistetan dagoen kontsumorako aukeren gaindosiarengatik.

Irudi gehiegikeriak amai dezake irudiaren beraren esentziarekin, esperientziak bizitzeko gure gaitasunarekin, hain zuzen, irudien zabalkundea izan gabe esperientzia horren helburu bakarra. Big data-ren fenomenoak beste alienazio modu bat ezkutatzen du: irudi eta datuen erauntsia, eta ez digu uzten egokiena aurkitzen. Ezagutzaren ilusioa gezurretako uste bat da, zeinak sinetsarazten digun ezen, itxuraz dena duen sare baterako sarbidea izanez gero, sare horretan dagoen guztiaren jakitun gaudela. Paradigma berri horri aurre egiteko tresnarik ezean, erabilera okerrak hauskorrago egiten gaitu, eta askatasuna murrizten digu.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.