Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Iraila ez da beti itzulera

2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Bizitzak eman didan oparirik ederrenetako bat da Iñurri elkartea. Bizitzan aurrera jarraitzeko irakasbide ahaztezinak eskaini dizkidate Iñurriren sortzaile direnek eta minbizia euren larruan bizi izan dutenek edo bizitzen ari direnek. Minbizia da nire bizitzako mamurik handiena; beldurrik handiena eragiten didan amesgaiztoa; gehien maite nituen pertsonak nire ondotik eraman dizkidan gaitz madarikatua. Minbizia da, halaber, lagun zoragarriak egiteko parada eskaini didan geltokia. Eta horietako adiskide bati galdegin nion ea zer zen berarentzat iraila. Irudipena bainuen albistegietan ez ezik gure ahotan ere oporren amaiera esan nahi duela irailak. Lana eta oporrak ditugunontzat lanera itzultzea, alegia. Etapa baten amaiera. Berriz martxan jartzea. Metastasia duen Maider lagunarentzat, ordea, iraila ez da lehengora itzultzea. Bere ingurukoak errutinara itzultzen dira, baina bera ez. Maiderren egunerokoan iraila lekuz kanpo sentitu den hila izan da urte askotan. Lan on bat zuen Maiderrek. Eta gustura joaten zen lanera. Horregatik bizi du lana galtzea, eta lanera itzultzeko aukerarik ez izatea, dolu gehigarri bat bezala. Besterik litzateke lanik gabe balego, edo lan prekario bat balu, edo gustuko lan bat ez balitz. Baina Maider zoriontsua zen hainbeste ikasketa eta izerdi kostata lortutako bere lanpostuan.

Minbizi primario bat duenari irail batean edo bitan tokatuko zaio lanera joan ordez ospitalera joatea, edo etxean geratu beharra bajan dagoelako. Baina metastasia dutenek, edo bestelako gaixotasun edo ezintasun sendagaitz bat dutenek, irail asko bizi izan dituzte agonian. Ametsak erail dizkien irail asko. Eta, hala ere pozik, bizirik dauden seinale delako. Ez baita gauza bera lanerako bizi edo bizitzen jarraitzeko lanak izatea.

Maiderrek dio mundua martxan jartzen dela irailean, eta berak bere martxan jarraitzen duela, baina ez dela eten baten ondorengo abiatzea. Bere bizitza aspaldi aldatu zelako, eta oraingo bizilegeak ez duelako lehengoarekin zerikusirik. Maiderrek inork baino hobeto daki zer den atsedena; are gehiago zer den etena. Joanaren eta orainaren erretena. Eta egunak argitzea, eta begiak zabaldu ondoren bizitza ospatzea maite du. Eta niri ere horixe egin dit beste behin. Eguna argitu dit, eta begiak zabalarazi dizkit. Bizitza ospatu egin behar da ospa egin aurretik. Eta iñurrikideek dioten moduan: hil arte bizi.

Agorrilaren azken egun honetan lanean hasteko galbanaz eta opor osteko baxualdiaz kexu agertzeko arrazoi guztiak desagertu zaizkit bat-batean. Beraz, eskerrik asko Maider eta iñurrikide guztiei. Bizitzaren eskolan izan ditzakedan irakaslerik onenak zarete, eta zuei esker irribarre batekin joango naiz ikasgeletara. Bizitza, bertsoa bezala, neurtua baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.