martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Integrala edo menpekoa?

2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Hemen oraindik zabaldu gabe daukagu eztabaida komun eta sintzero bat polizien elkarlanaren inguruan.

Asko hitz egin da, salaketak ugariak izan dira, kexuak entzun dira batean eta bestean... batik bat kolaborazio horren aurka egon direnen artean. Alde egon eta aurrera eramateko ardura eduki dutenek ez dute oso gustuko horretaz jardutea, iragana era kritikoaz errebisatu behar den garaia omen den arren. Edo ez dago zer errebisaturij, edo zulo beltz asko daude iragan horretan.

Ertzaintzaren edota Mossos d'Esquadraren eta Espainiako polizien arteko harremanen azpian beti egon da mesfidantza handia, eta logikoa da. Espainiako polizientzat, gure bi polizia horiek ez dira fidagarriak; kasurik onenean arerioarenak dira, etsaiarenak txarrenean.

Nik ulertzen dut oso zaila izan behar duela polizia onartu dizun estatuaren poliziarekin hotz jokatzea, bizkarra ematea. Egiten duzunaren arabera luzatuko baitizu baimena estatuak.

Baina zertara eraman gaitu delako kolaborazio horrek? Polizia integrala aldarrikatu baina subordinatua dela onartzera. Arduradun politikoen kexuak gorabehera, kontrolak nahi dutenean eta nahi duten lekuan jartzen segitzen dute, bultzada politiko argia daukaten atxiloketak egiten dituzte... Eta okerrena dena, harreman horren morroi, polizia horiek egin dituzten delitu larri batzuk —hala nola tortura— ez dira ikertu nahi izan, ez da hamarkadetan inor atxilotu... Polizia integral batek ez zukeen hori egingo.

Galdera asko daude airean kolaborazioa hobea zen garaikoak, egunen batean egin eta erantzun beharko direnak. Bitartean, polizia menpekotasun horretatik libratuko gaituen egoerara iristeko ahalegina egitea da, nire ustez, oinarrizkoa.

Ezin beti menpeko izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.