Herri elkargoaren eztabaida Frantses Estatuak daraman lurralde erreformaren barnean kokatzen da. Oroitarazi behar da 2012. urtean kontsentsu zabala lortu zuen estatus bereziko lurralde kolektibitateari ezezko borobilarekin erantzun ziola Frantses Estatuak. Ondotik, eztabaida ireki da eta epe ertain bati begira hiru erabaki gune aurreikusten dira Frantses Estatuaren antolaketa instituzional berrian: Estatua bera, handituak izan diren makroeskualdeak (gure kasuan Akitania, Poitou - Charentes eta Limousin batuko dituena eta 6,5 milioi biztanlez osatua), eta herri elkargoak.
Hautsi-mautsi horretan bi arrazoi nagusi azpimarratuko nituzke Ipar Euskal Herriko herri elkargo bakarra erdiestearen beharraz.
Lehena, lehen aldikoz Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna finkatuko duen koadro juridikoa lortzeko aukera dugula, hots, Ipar Euskal Herriaren lehen ezagupen maila. Jakinda orain eztabaidatzen eta onartzen ari den lurralde erreformak urteetarako finkatuko dituela lurralde bakoitzaren eremua eta eskumenak. Ez ditzagun ahantz azken urteetan Ipar Euskal Herriaren lurraldetasunak jasan dituen erasoak ere. Azpiragarriena, Baiona, Angelu eta Miarritze gaur egun lotzen dituen herri elkargoa hego Landesekin batzeko saiakera. Orduan, landestarrek zuten batuketa horri ezezkoarekin erantzun.
Bigarrena, Ipar Euskal Herria aipaturiko makroeskualdean urtua izanen da. Gaur arte, existitzen diren hamar elkargoetatik lauzpabost atxikitzen badira, gure ahotsa entzungaitz izanen da. Horrek dakarren baliabideen eskastearekin batera. Bizki inportantea da, beraz, ahots bakar batez mintza gaitezen eta erreferente bateratu bat izan dezagun, aski indar ukanen duena makroeskualdearen aitzinean.
Gaur hartuko ditugun erabakiek bihar Ipar Euskal Herriaren egituraketa eta nortasuna baldintzatuko dute. Hiru adibide emanen ditut horren islatzeko. Lehenik, egitura bakar bat izatearekin nortasuna eta autoafirmazioa bultzatuko dugu; subjektu politiko bat sortzeak euskal herritar izatearen sentimendua areagotuko du. Bigarrenik, hizkuntza politika eraginkor bat eramateko subjektu bakarra izateak baliabide gehiago ekarriko ditu eta erabaki ahalmen handiagoa, hemen bertan hartuko direlako norabide estrategikoak eta izango delako parez pare eskualdearekin negoziatzeko aukera. Azkenik, Ipar eta Hego Euskal Herriaren harremanak azkartze eta sendotze bidean eskumen osoa izanen dugu. Horrek esan nahi du Ipar Euskal Herria eragile gisa arituko dela gaur egun existitzen diren mugaz gaineko harremanetan, eta aukera izanen dela bihar egitura berriak sortzeko guk erabakita.
Azkenik, azken hilabeteetan Hautetsien Kontseiluan Acadie kabinetearen eskutik eramaniko lanean, herri elkargo bakarraren beharra eta aukera sinesgarritasun handia hartzen ari da. Hastapen batean uzkur ziren hainbat hautetsi hasiak dira egitura horren onurak eta funtsak ikusten eta barneratzen. Horri gehitu behar zaio Frantses Asanblea Nazionalean bozka sistemari buruz abiatu den eztabaida. Hau da, aipagai da 2020tik aitzina aukeratuko diren herri elkargoetako kontseilariak zuzenean hautatuak izatea. Horrek esan nahiko luke herri elkargo bakarrak, berez, lurralde kolektibitate bat bilakatuko liratekeela.
Anitzetan aipatu izan dira une historikoak, baina hau zintzoki iruditzen zait horrelakoa denik. Ipar euskal Herriaren lehen egitura instituzionalaren atarian baikara. Eta, gainera, erabakia gure esku dago.
Instituzionalizaziora bidean urrats bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu