Saioa Baleztena Rudi.
ELE

Indarkeria estetikoa sarean

2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Jendeak azkenaldian negozio iturri berri bat aurkitu du sarean, pisua galtzeko adituak nagusi dira han eta hemen. Duela egun gutti mezu pribatu bat jaso nuen: bost edo hamar kilo galtzeko gonbidapena egiten zidaten. Prekaritateak ondorio lazgarriak ekarri ditu eta ulertzen dut jendeak diru iturri berriak bilatu behar izatea, baina nola eragin diezaioke pisua galtzeko ohituren bonbardaketa horrek jendeari? Ez al da hau ere indarkeria estetikoaren adar bat?

Nik neuk harreman zaila izan dut betidanik nire gorputzarekin, elkarren arteko borrokak ez du sekula etenik izan. Ttikia naiz, nire gurasoak baino ttikiagoa, eta hori eurek hagitz ttikiak direla! Baina hori ez da okerrena, genetikak altura ebasteaz aparte, argaltasuna ere kendu zidan: nire bi anaiek eraman dute dena eta niri gelditu zait aitaren aldetik zetorkidan gorpuzkera. Aitak, aitatxik bezala, ttikia izanik muskulatura hagitz garatua du. Noski, hori gizonezkoen gorputzean normatiboagoa izan daiteke, baina, emakumea izanik, zigor bikoitza izan da niretzat.

Eta gorputzarekin dudan borrokak lurra jo zuen erdiondoan. Bi zesarea izanik, ispiluaren aurrean begiratzen naizenean ez dut oraindik nire gorputza onartu eta identifikatzen. Teoria badakit, bai. Badakit, gorputza miresteko arrazoiak ez zaizkidala falta. Baina kanpoan badago munstro erraldoi bat, hau errefusatzeko hezi nauena. Eta borroka hori jasangaitza egiten zait azkenaldian, sarean nagusitu diren aholkularien edukiekin: bizitza osasuntsua izateko aitzakiarekin, patriarkatuak eta kapitalismoak elikatzen duten presio estetikoaren lurrazal emankor bilakatu direla ikusten dudan bakoitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.