Inboluzioaren arriskuak

2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Egunez egun ageriago geratzen ari da krisi sakonean dagoela 1978an Espainian, frankismoarekin hautsi gabe, aurpegi garbiketa hutsera mugatuz atondu zen erregimena. Orduko moldaketarekin Euskal Herriaren edo Kataluniaren burujabetza gosea aseko zutela uste zutenak ohartu dira ez dela halakorik gertatu eta independentzia aldarria indartzen doala, Katalunian modu agerikoan eta baita Euskal Herrian ere. Bi herriok ondorio bera atera baitugu: Espainiak ez duela proiektu demokratikorik, eta bertatik ezin dugula espero gure herriaren aitortzan urratsik ekarriko duen proposamenik.

Auziari adarretatik heltzeko eta irtenbide politikorik proposatzeko ezintasuna erakutsita, Espainiako ezkerrak sasi-nazio aitortza hutsalak eskaintzen ditu. Bien bitartean, ultraeskuinak aho bizarrik gabe azaleratu du kontrarreformarako asmoa eta euskal herritarroi aspalditik ezaguna zaigun inboluzio antidemokratikorako borondatea.

Helburu horretan bat egiten du eskuinak, izan betikoak (PP), liberalak (C's) zein muturrekoak (Vox). Ñabardurak dauden arren, guztiek defendatzen dute giza eskubideen murrizketa, bereziki emakume eta etorkinena, eta Espainiaren batasuna kosta ahala kosta lehenesteko beharra. Euskal Herriaren edo Kataluniaren askatasun nahia itotzeko edozein neurri hartzeko prest daude, dela 155. artikulua, dela alderdi independentisten legez kanporatzea.

Horrek eraman ditu, Espainiaren batasuna ipar, Moncloara iristeko bidean, Andaluzian elkarrekin gobernatzeko bidea urratzera, ezberdintasunak ez baitira sakonak. Ondo atera edo ez, helburua partekatzen jarraituko dute, 78an lortu ez zutena, katalan eta euskal herritarrok Estatu propioa osatzeko dugun eskubidea, erabat lurperatzeko. Hiruren batasunak Estatu osora zabal daitekeenaren arriskua areagotu baino ez du egiten.

Espainiako Gobernua ez da gai demokratizazio agenda bat mahaigaineratzeko. Txeke zuri bat eskatzen du, eskuinaren iritsiera gehienez 2020ra arte atzeratzeko, inork ez duelako PP, C's eta Voxen proiekturik nahi. Euskal Herria eta Katalunia, hortaz, ezin gara Espainiatik alternatibarik iritsi zain geratu, izan PSOE gobernuan, izan eskuin erreakzionario eta neofrankista agintean.

Datorkigunaren tamainako erantzuna artikulatzeko unea da, Kongresua eta Senatua berritzeko hauteskundeak aurki eginda edo agintaldia 2020an amaituta. Indarrak metatu eta aliantza zabal bat erdiesteko garaia da, gutxiengo batzuen inguruan, Estaturik gabeko nazioak elkartuz: erabakitzeko eskubidearen defentsa, eskubide sozialen aldarria, espetxe politika aldatzeko beharra eta salbuespen neurrien amaiera, dagoeneko agerikoa den autoritarismoari eta neoliberalismoari aurre egiteko.

Horren adibide dira azken urtean Katalunian gertatutako eraso ultrak edota berriki Amurrioko familia baten aurka eginiko erasoa. Ezin ditugu gertakari isolatutzat hartu, estrategia orokor bati erantzuten baitiote: zio politikoa dute eta eskuin muturraren autoritarismoaren gorakadarekin lotuta daude, 1978an adostutako Espainia bat eta bakarra arrisku bizian ikusten duen sektore faxistarekin.

Ez da aski egungo gobernuari agintaldia amaitzen uztea, txeke zuria emanez, bestelako urratsik eskatu gabe. Amurriokoa bezalako gertakariei duten larritasuna ez emateak, inoiz desagertu ez diren muturreko jarrera totalitario oldartuen isla ez jotzeak eta horien atzean daudenak ez baztertzeak inboluzio arriskua egia bihurtu baitezake. Gaur ekin behar diogu bidea mozteko lanari, hauteskundeen ondotik emaitzekin asaldatu ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.