Kultura sailburu ez ezik, Garaikoetxearen lehen gobernuko bozeramaile ere bazen Ramon Labaien. Orain Erkorekak bezala, orduan Labaienek ematen zizkien azalpenak kazetariei. Berak kontatua (Jakin 196, 2012): «Nik ez nituen gauza berberak esaten euskaraz eta erdaraz. Beti izaten ziren berriak transferentziei buruz: 'En Madrid hemos tenido debates sobre los temas tal y cual; progreso lento pero vamos progresando...'. Eta euskaraz: 'Madrilen, beti bezala, ezer ez'».
Yolanda Barcinak desabantaila hori du, entzule guztiei hizkuntza berean egin beharra. Baina, Labaienek bezala, zeini zer eman bereizten badaki. Madrilen hau, Bilbon beste hau. Madrilen, 13TV kate katolikoan, nafar hezkuntzan infiltratutako irakasle euskaldun, adardun eta buztandunez luze eta zabal aritu ondoren, laugarren xedapen gehigarriaren arriskuaz aritu da: UPNgatik balitz aspaldi kendu zutela; tresna horren bidez egunen batean Nafarroa «desagertu» egin daitekeela; eta, horretara iritsi ahal izateko, hezkuntza eta hedabideak baliatzen ari direla. Eta D ereduaren hedapenaren geldotzeari buruz, hitzez hitz: «Euskararen eskaria handiagoa ez gara ari izaten, agian beste hizkuntza, ingelesa alegia, eskaintzen ari garelako Nafarroa osoan, apustu handia egiten ari baikara».
Ingelesa D ereduari aurre egiteko sustatu ote duten galdetu diote handik hiru egunera Radio Euskadin, Madrilen hori ulertu zitzaiola eta: «Kontestutik atera dira, guztiz, nire hitzak. 'Akaso' esan nuen». EITB Nafarroara hedatzeaz ere galdetu diote, baina ez erantzuten asmatu du. Konponduko da? «Lehen pausoa, errespetu instituzionalarena, eman dugu, eta hori oso inportantea da». Alegia: hartu lasai. Madrilen ulertu zitzaiona eta Bilbon erantzun ez zuena batuz gero, hara Barcinaren kezkaren funtsa: D ereduan ikasten hasten zara, ETB ikusten duzu gero, eta xedapen gehigarria erabiliz, Nafarroa desagertarazten duzu azkenean.
Nola ez gara berriro Labaienekin akordatuko: Nafarroako emanaldi digitala noizko eta Gabonetarako jartzeko martxan eskatu die EITBren Administrazio Kontseiluak Iruñeko eta Gasteizko gobernuei. EHE elkarteak, hain zuzen ere, Gabonetarako telebista euskaraz kanpainarekin estutu zuen Labaien, presa sartuz, horretarako legearen gainetik eta azpitik ibili behar izango bazuen ere. Labaienen bertsioaren arabera, Kultura Sailak propio horretarako emandako dirua baliatu zuten Txillardegik eta abarrek, dirua eman zienari presio egiteko. Gabonetan ez zen hasi, baina Urtezahar gauerdian, bai. Bat baino gehiago akordatuko zen Labaienekin, Jaurlaritzak ETB Nafarroara hedatzeko erabakian atzera egin berri duen honetan.
Galgarekin Urkullu, eta batere galgarik gabe Barcina. Orain D eredua orain ETB, que vienen los vascos leloa ia bandera bakartzat hartuta, ekaitzaren erdian lemari nola edo hala eusten. Inkestek ere ez diete berri onik iragartzen, matematikek konbinazio bat baino gehiago eskaintzen baitituzte UPN oposiziora bidaltzeko. «Herri honen aldaketa garrantzitsuenak Nafarroatik helduko dira, ikusiko», idatzi du Twitterren etxe honetako zuzendariorde Iñaki Petxarromanek. 13TVn ere badute horren susmoa, saioaren aurkezleak Barcinari egin zion galdera seinale: «Imajina ezazu PSNk gehiengoa lortzen duela indar etazale horiekin batera, imajina ezazu negoziatu egiten dutela, eta, azkenean, zera esatea bururatzen zaiela: goazen Konstituzioakbaimentzen duen ate hau irekitzera [laugarren xedapena], jakiteko nafarrek Euskal Herriarekin bat egin nahi duten. Gerta daiteke!».Imajina ezazu, orain, gertatzekotan PSNrik gabe gerta litekeela.
Handik eta hemendik
Imajina ezazu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu