Kontu batzuk badira oraindik Googlek argituko ez dizkizunak. Aztarnaren batzuen atzetik bazoaz lagunduko dizu datuak osatzen, baina ideiak zurea beharko du eta aurkibideak ere zeuk beharko dituzu asmatu. Joan den aste honetan pare bat berri ezustekok asaldatu dute nire gogoa, berez, telebista informatiboetako albiste hits eta lotsarazleen errepikapenak asko lokartua zegoena. Biek dute zerikusia duela berrogeitaka urte gertaturikoekin. Eta biek dute zerikusia apaizjendearekin.
Ernesto Che Guevara 1967ko urriaren zortzian atxilotu zuten eta biharamunean hil. Handik bi egunera lurperatu zuten boliviar militarrek ezkutuka. Cheri buruzko kontuak oso zabalduak dira eta askok dakizkite. Aste honetan, ordea, hedabideek berria ekarri dute. Cheren gorpuaren irudi batzuk orain artean argirik ikusi gabeak. Eta argazki horien nondik norakoek badute garrantzia, misterioa eta zoko-usaina edonoren arreta bereganatzeko adina. Luis Cuartero Lapieza izeneko elizgizon bat Boliviako Sucre hirian omen zebilen 1967an misio lanetan. Urte hartako azaroan ezkontza batera itzuli omen zen Espainiara misiolaria. Bere arrebei, besteak beste, zuri-beltzeko zortzi argazki zituen kutxa bat ekarri zien. Duela bi urte hil zen Luis Cuartero nonbait, eta bere iloba batek heredatu zituen haren zenbait ondasun. Gogoan zuen ilobak argazki haiek bazirela nonbait eta aurkitu ditu. Eta hasi da peskisan. Osabak aitorturik bazekien kazetari frantziar batek eginak zirela eta Interneten «Che hila kazetari frantziarra» ipini eta Marc Hutten izenarekin egin du topo. Eta konturatu da kazetari hura bera dela Che hil ondoko argazkien egilea, berak dituenaren oso antzekoak orain arte ezagunak zirenak ere. Ilobak ez du orain zalantzarik 67ko udazken urrun hartan osabak ekarritako argazkiak egiazkoak eta egindakoen sailetik falta zirenak direla. Osabaren Europaranzko biajea baliatu nahi izango zuen badaezbada karreteren bat pasatzeko edo. Imanol Arteaga du izena iloba honek eta zinegotzi da Aragoiko Ricla herrian. Datuak norbait jar dezake atezuan. Espero dezagun ez izatea asmazio soil, kontu batzuk badira eta, asmazioekin uztartzen zailak.
Hiru urte eskas geroago dago datatua Zamoran, 25-4-1970, joan den astean zirrara eragin didan beste dokumentu bat. Xabier Amurizak erakutsi zidan eta esango nuke hunkitua zegoela bera ere. Kartzelatik amari idatzitako gutunak berreskuratu ditu duela gutxi. Gazteleraz daude, derrigor, eta komuneko paperean idatziak gehienak, muturrik mutur papera ongi aprobetxaturik. «… Supongo que seguirás, en recuerdo mío, echando una patata más al puchero cada vez que lo pones a cocer ¿verdad? Creo que todavía faltarán muchas patatas para cuando vaya, pero alguna será la última…». Amari idatzitako kontu xaloek badute ordea nonbait klaberen bat, Emilio Kortabitarte Lekuonak, Aulestiko parrokoa zenak eta haren neskame Balentinak ere ulertzeko modukoa. Emilio Kortabitarte hau izan zen William Douglas gidatu zuena Muerte en Murélaga liburu ospetsua idazterako garaian. Kontua da Don Emilioren ilobak Ramón Gómez Kortabitartek heredatu zuela osabaren hainbat paper zituen karpeta eta Xabierri itzuli dizkiola bere gutunak duela gutxi. Eskerrak elizgizonek seme-alabarik ez baina ilobak behintzat badituzten! Historiaren hiru laurdenak galduko genituzke bestela!
Kontu zehatz bi aipatuz, politikak eta erlijioak zenbaterainoko lotura izan duten nahi nuen nabarmendu. Norberak ere oroitzapenetara joz gero, txirikordatuta aurkituko ditu memoriaren txokoren batean. Nirean, estekak oso dira gogoraerrazak. Azkenengoz jauna hartu nuen Carrero Blanco hil zuten goizean. Eta German Rodriguez 78an hil zuten Iruñean. Badakit, bazkalaurre hartan joan nintzelako COU egiteko izena ematera Donostiako ikastetxe batera. Seminarioko Larramendi ikastetxera, jakina.

PLAZATIK
Ilobak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu