Maialen Arteaga.
MELE

Ikurren atzeko herriaz

2023ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Etxeko harraska azpian gordetzen diren erabilera askotarako trapu horietako bat izan liteke. Izan liteke kristalak garbitzeko kotoizko kamiseta zahar bat edo egongelako telebistari hautsa kentzeko oihal bat. Baina, hala izango balitz, gure herriko espazio publikoan haizeratzeak ez lituzke hautsak harrotuko. Konbentzituta nago, esaten denaren kontrara, ikur batzuek ez dutela haizerik behar bizia izateko, hitz egiteko. Gureak haizerik beharko balu, ez gintuzkete Lizarrako udaletxeko balkoitik lepotik helduta bortizki kaleratuko. Ikur batzuek urteetako historia adierazten dute haizeratzen direnean (haizerik ez badago ere), herri bat ordezkatu lezakete (herri horretan debekatuta egonik ere).

Bada zerbait herri hau ordezkatzen duten kolore horien atzean, harramazka izugarria eragiten duena. Batzen gaituen horrek banatzen gaitu beste batzuengandik, eta hain da handia, hain hitz potoloz idaztekoa batzen eta banatzen gaituena, oraindik ere txupinazo, partida edo erakusleiho oro gudu zelai zaigu.

Ikurrina zu, ni, Ezpeletako eta Tuterako laguna da. 36ko guda. Amama ezkutatutako ikurrina baserriko balkoian jartzen. Abuztuak 15 ere bada, Maravillas Lambertoren bortxaketa eta erailketaren urteurrena. Itoitz da, Lemoiz eta 2017ko apirilaren 8a. Martin Zabaleta Everesten, Santi Brouard eta Josu Muguruza. Elbira Zipitria ikastolan eta Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapela soinean jartzen. Bilboko Konpartsen sorrera eta 83ko uholdeen auzolana, Gazte Topaguneak, greba feministak, pandemia garaiko zaintza sareak. Maite dugun txoria txori izan dadin, hegoak ez ebakitzea erabakitzen duen herria. Ikurren defentsa sekula ez da ikurren defentsa hutsa, gure herriaren defentsa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.