Ikasle kritikoak garatzeko erronka

BERRIA.
2015eko irailaren 27a
00:00
Entzun
Euskal hezkuntza sistema publikoak egunero aurre egin behar dio etengabeko hobekuntza erronkari eta bikaintasun iraunkorra helburu izateari. Eta, ikasturte hasiera guztietan, argi daukagu helburu hori Euskal Eskola Publikoaren parte garen pertsona guztiok.

Halako testuinguru batean, baldin eta hezkuntza praktikek ituaren erdian jartzen badute ikasleen jarrera eta gaitasun kritikoa garatzea, orduan bakarrik du zentzua Euskal Eskola Publikoaren hezkuntza inklusiboaren aldeko apustuak, zeinak ikasleen nortasun pertsonal, psikologiko eta soziala garatzea sustatzen baitu, eskola komunitatea osatzen duten sektore guztien parte hartze eta lankidetza demokratikoan oinarriturik.

Pertsonak prestatzea, ziur aski eta funtsean, pertsona kritikoak prestatzea da, hau da, bizileku duten inguruari jarrera gogoetazale batetik aurre egiteko gai izango diren pertsonak prestatzea, erabakiak hartzeko gai izango direnak aldian aldiko inguruabarrak erantzukizunez eta modu arrazional eta kontsekuentean baloratuz. Ikasleengan jarrera kritikoa garatu nahi duen hezkuntza bat, beraz, hezkuntza sistema jakin batean baino ezin da landu, zeinean berezko printzipio gidaritzat hartuko baita demokrazia, eta kide diren pertsona guztien ekitatea eta parte hartzea. Horregatik, gure iritziz, helburu hori lortu nahi izateak berekin dakar ezinbestean Euskal Eskola Publikoko kideok aldezten dugun hezkuntza eredua.

Pentsamendu kritikoaren alderdirik kritikoenak, hain zuzen, ahalbidearen baldintzak lortzearekin du zerikusia; hortaz, ikasleen jarrera kritikoa sustatu nahi duen hezkuntza batek ezinbestean lan egin beharra dauka premiazko dituzten lanabesez hornitzeko haiek, aiseago jo dezaten gertatuaz, egintzetatik edo aurrez ezarria dagoena egiaztatze hutsetik harago, eta zioen, erantzukizunen eta alternatiben eremuraino irits daitezen. Euskal Eskola Publikoak prestatu nahi dituen ikasleak gai izango dira, baldin eta arrakastarik badugu, egokitzen zaizkien errealitateak aztertzeko, eta modu kritikoan baloratzeko haiek nola hobetu, edonolako moda edo tradiziori muzin eginda —horiek gehiengoak darabiltzanak izanagatik ere—.

Hezkuntza sistema baten kalitatea ebaluatzeko, sistema horretan prestatutako pertsonen ikuspegia balia daiteke, hau da, etorkizunak ekar diezazkiekeen erronkei modu kritikoan aurre egiteko gai diren pertsonen ikuspegia. Analogiaz, gure gizartearen osasuna egiaztatzeko, espiritu kritikoz, erradikalismo eta fanatismoetatik harago jokatzen duten pertsonen kopurua har liteke aintzakotzat. Baldin eta gizarte bateko gutxiengoa baino ez bada gai erabakiak jarrera kritiko batetik hartzeko, gizarte hori ez da sanoa. Horregatik, kontuan izanik Euskal Eskola Publikoa dela hezkuntza bat berma diezaiekeena euskal gizarteko pertsona guzti-guztiei, beste arrazoi erabatekotzat daukagu Euskal Eskola Publikoa aldezteko gaur egungo lege esparruan, edo etorkizuneko beste edozein Hezkuntza Legeren barruan, gure hezkuntza sistemako ardatz funtsezko eta lehentasunezko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.