Danele Sarriugarte

Idazten badut soilik

2025eko otsailaren 23a
05:00
Entzun

«Lortuko al dut lau astez geratzea hemen. Lortuko dut baldin eta idazten badut soilik». 

Chantal Akermanen liburu bat irakurtzen ari naiz, My Mother Laughs [jatorrizkoan Ma mère rit]: horkoa da goiko esaldia. Ez dakit zergatik, baina barrenean geratu zait; gainetik kendu ezinda nabil: zerbait eragin dit bere soiltasunean. Eragin didan horri, hitzek batzuetan norberaren azalera itsasteko daukaten ahalmenari, heldu nahi nioke gaurko zutabean, ohar dispertsoen bidez bada ere. 

Liburua utzi egin didate, lan-enkargu baten harira. Harritu egin nau —onera— hainbat zentzutan, eta ez nuen batere espero. Lehenik, itzulpena asko gustatu zait. Ez dut frantsesezkoarekin alderatu, baina itzulpenak balioesteko irizpide gisa xede-testuaren jarioa eta arintasuna eta dakarren gozamena hartzen baldin baditugu, bikaina da. 

Gero, hitzaurrea Eyleen Mylesek egin dio —estatubatuar poeta bollera mitikoak—. Eh? Gogora dezadan Chantal Akerman zinegile esperimental europartzat neukala nik. Pixka bat bakarrik harritzeko denbora eman dit, hitzaurreko bigarren esaldia baita: «Hala nola Chantal Akermanek uko egin baitzien (publikoki behintzat) ‘lesbiana’ eta ‘feminista’ izendapenei […]». Hara. Egunerokotasunarekin eta etxe-barruetan emakumeak erretratatzearekin eta Bigarren Mundu Gerraren osteko Europarekin lotzen nuen nik Akerman intuizioz baina hara non horretaz aparte bere sexualitatea ez omen zen normatiboa. 

Astuna irudituko zaizue agian gai horrekiko gure tema (guri ere bai zuena), baina zer pentsatua ematen du ohartzen zarenean beren diziplinaren mugak behartzeagatik eta zabaltzeagatik eta hala diziplinari ekarpena egiteagatik famatu dituzten batzuk gizarteko arau zenbaitetan ere ez zeudela eroso (ikus, orobat, Roland Barthes). Zer pentsatua ematen du, zehazki, formari eta edukiari eta bien arteko loturei buruz, baina hori beste egokiera baterako. 

AXPI
AXPI

Itzul nadin esaldira. «Lortuko al dut lau astez geratzea hemen. Lortuko dut baldin eta idazten badut soilik». 

Noiz esan zuen hori Akermanek, eta zeren harira? Kanpoan bizi zen ordurako, noiz New Yorken noiz Parisen, baina Bruselan zegoen berriro, ama zaintzera itzulita. Lau aste horiek, bada, horixe ziren: amaren etxean pasa beharra zituenak. Lortuko al dut; idazten badut soilik

Lagun min idazle batek antzeko zerbait whatsappeatu zidan orain gutxi. Bolada zail bat pasarazten ari zaizkio, eta sukar batean idazten zebilela aipatu zidan, lagungarria gertatzen ari zaiola oso. Lortuko al dut; idatziz beharbada. Miretsi egiten dut laguna —miretsi laguna eta idazlea—: hainbat zentzutan, eta sakonki. Eredu zait, zaizkit. Niri, egia esan —eta ziur aski horregatik geratu zait itsatsita Akermanen esaldia eta ondoren lagunaren indarra, ziur aski horixe da eragin didatena, gainetik kendu ezinda nabilena—; niri, egia esan, kontrakoa gertatu zitzaidan. Kontrakoa sinetsi nuen. Lortuko nuela baldin eta sakrifizio bat egiten banuen, zigor bat ordaintzen: ez idaztea. Ez zen pentsamendu kontziente bat; gutxitan dira pentsamendu kontzienteak halako kontuetan gidatzen gaituztenak. Kontzientzia geroago etortzen da etortzekotan, eta dena delakoa aldatzeko nahia dakar maiz; dialektika osatuz, dena den, kontzientziaz aparte beste ekintza batzuk behar izaten dira edozer benetan aldatzeko, baina hori (ere) beste egokiera baterako. 

Ingurukoei memeak aipatzen dizkiet batzuetan gauzak azaltzeko, garai batean The Simpsons telesaileko egoerak aipatu nitzakeen bezala. Azkenaldian bi ibili zaizkit bueltaka. Tipa bat metro-irteera bateko eskailerak igotzen, garbigailu bat bizkarrean daramala: hiperindependentzia traumarekiko erantzun gisa garatzen da. Beste memearen irudia ez dut oroitzen baina esaldia bai: kemena behar duzu ez traumarekin bizitzeko [hori egiten duzu jada] baizik eta pozean bizitzeko

Bere azken diskoa dela-eta Argia-rako egin diodan elkarrizketan, antzeko zerbait azaldu zidan La Furia rap abeslariak: «Batzuok ondotxo dakigu zer den kaka leporaino dugula egotea, baina ba al dakigu ongizatean moldatzen? Nik erabaki dut baietz, eta, bestela, ikasi egingo dudala. Niretzat, disko hau izan da neure esku dagoen guztia egitea, onena ematea, gogor lan egitea eta gozatzea bai prozesuaz bai diskoak dakarrenaz, nire parametroen arabera betiere, zeren musikan batzuetan arrakastaren kontzeptuak ez dauka zerikusirik zurekin edo zuri on egiten dizunarekin».

Nire kasuan, «neure esku dagoen guztia egitea, onena ematea, gogor lan egitea eta gozatzea bai prozesuaz bai dakarrenaz, nire parametroen arabera betiere», idaztea litzateke; bai kontu sinplea. Ez x aitortza jasotzea, ez enkarguak onartzea, baizik eta neure buruari oparitzea, errutinaz —eta ez litzateke opari makala—, teklatuaren hotsa eragitearen gozamen hutsa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.