Kito. Iceta ez da izango Espainiako Senatuko presidentea. Hiru alderdi independentistek galarazi dute: hain zuzen, Montilla presidente eta egungo senatariaren ordez automatikoki Miquel Iceta jartzea zen proposamena, nahiz eta hamabost egun ere ez diren pasatu herritarrek senatariak aukeratu zituztenetik zuzenean. Kazikekeria hutsa zen asmoa, eta geldiarazi egin dute. Eta bene-benetako lurrikara politiko bat eragin du horrek.
Gauza asko esan nahi baititu; bereziki, subiranismoak utzi egin diola, azkenik, PSOEren mende egoteari. Aspalditik, trantsizio garaitik, euskal talde subiranistek eta talde subiranista katalanek PSOEren alde egin izan dute beti azkenean halabeharrez, errepresioa gorabehera, GAL, estatutuaren kontrako sententzia eta PPri emandako besarkadak gorabehera, eta sozialistek egin dituzten astakeria guztiak gorabehera. Besterik gabe, ez zegoen beste aukerarik: PP ez zen aukera bat, eta, beraz, PSOEri eskua eman behar zitzaion nahitaez, hark subiranisten botoak behar izaten baitzituen tarteka-tarteka.
Independentzia prozesuak, ordea, aurrean eraman du mendekotasun hori, ezin delako bereizi zer alde dagoen PPren eta PSOEren artean. Eta Iceta zen horren erakusgarri primerakoa: esaten zuen 155.a ezartzearen alde bozkatuko zuela; ez zuen onartzen bere parlamentukide atxilotuak preso politikoak zirenik; eskuin muturrarekin batera joaten zen manifestazioetara, Espainiako banderaren pean...
Ezustekoa zera izan da: badirudiela PSOE oraindik jabetu gabe zegoela bestelako garai batean gaudela orain, eta mendekotasun hori amaitua dela. Sozialistek uste zuten erabakia hartu ahalko zutela subiranismoaren botoak aintzat hartu gabe, baina errealitateak esnarazi egin ditu loalditik. Zaplazteko ozen batez.
ENBAXADA BILA
Iceta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu