arantxa elizegi egilegor
HIZPIDEAK

Zirrikitu bat

2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Frankismoko krimenak argitara ateratzeko «zirrikitu bat» ireki zuten atzo Madrilen. Julio Pacheco Yepesen testigantzak mugitu zuen 1977ko Amnistia Legea onartu zutenek ezarritako harlauza, izan ere, bera izan da Espainian epaile baten aurrean deklaratu duen lehen errepresaliatua. Aurrez ere izan dira saiakerak. 2017an Elgetako Udalak aurkeztutako salaketa tramiterako onartu zuen Bergarako epaitegiak. Hamalau herritarren testigantzak jasotzen zituen kereilak. Bi hilabete iraun zuen itxaropenak. Prozedura beste epaile baten esku geratu eta hark artxibatu egin zuen arte, delituak «preskribatuta» zeudela argudiatua. Alferrik izan ziren erabakiaren aurkako protestak.

Oraingoan, ordea, egon liteke aurrera egiteko esperantzarik. Izan ere, prozeduran aurkeztu da Espainiako Memoria Demokratikoaren Fiskaltza, nahiz eta saioan esandakoa jasotzera mugatu zen. Pacheco bera baikor agertu da, finean, errepresaliatu batentzat urrats handia delako orain arte entzungor egin dioten auzitegi berek haren lekukotza ontzat ematea, horretarako ozeanoa zeharkatu eta Argentinako justiziara jo beharrik gabe. «Gu entzuteko prest dauden epaile gehiago egon daitezkeela esan nahi du honek, nolabait ere ateak zabaltzen has daitezkeela eta Espainiako Estatuan bertan lor genezakeela justizia». Arrazoi izango ahal du, eta oraingo argi izpia ez ote dute aurreko guztiak bezala ilunpera kondenatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.