«Gaur ez dago minutuko isilunerik, urteak daramazkigu isilik», dio Berri Txarrak taldearen abesti batek; eta ez, jada ezin da gehiago isildu. Indarkeria matxistaren kontrako egunaren bezperan iritsi zen eraso larri baten inguruko azken albistea. Beste bat gehiago zerrenda luze batean. Labanaz larri zauritu zuen gizon batek bere bikotekidea; lepoan egin zizkion labankadak, eta, dirudienez, ozta-ozta ez da sartuko indarkeria matxistak hildako emakumeen zerrenda amaigabean.
106 emakume (eta 11 ume) hil dituzte Euskal Herrian 2003tik, ehunka zauritu dituzte, milaka emakume bizi dira euren erasotzaileekin, eta beste hainbeste dira haiengandik ihes egin nahian urte luzetan beldurrez bizi direnak; eta, are gehiago, ba al dago inoiz indarkeria matxistarik ez duela jasan esan dezakeen emakumerik?
Ez da isilik gelditzeko momentua, urtetako isiltasuna apurtzekoa baizik. Gero eta ozenago aldarrikatzekoa, biztanleriaren erdiak sufritzen duen indarkeriari aurre egitekoa.
Aldarrikapen horrek elkartuko ditu gaur milaka eta milaka herritar, gizon eta emakume, indarkeria matxistaren kontra kalera ateratzeko eguna baita gaurkoa. Gogoeta egitekoa ere bai, agian: hainbeste eraso badaude, erasotzaileak zenbat dira?
HIZPIDEAK
Zenbat dira erasotzaileak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu