inaki petxarroman
HIZPIDEAK

'Zaborra'

2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Gauzei buruz aritzean, zabor moduan itzul daiteke; eta pertsonei buruz hitz egitean, berriz, jendaila edo jendilaje moduan. Azken finean, hondarra, balio eskaseko jendea esan nahi du gaztelaniazko morralla-k. Aberatsek herri xehea definitzeko erabili izan dute, ikuspegi klasista eta gehiagotasun sentimendu menperatzaile batetik. Berdintzaletasunetik urrun, beraz. Hitz iraingarri hori erabili du Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak euskalgintzako erakundeetan ari direnak gutxiesteko. Bildu eta Batasuna ere iraindu ditu, bere agintepeko 32.000 arabar, bere alderdia bozkatu zutenak bezainbeste ia. EAJri ere iseka egin dio, euskararen sustapena interes alderdikoien araberako «sare klientelista» bat asetzeko erabili duela esanda.

Taliban deitu zieten duela urte batzuk euskararen alde ari direnei. Askok jaso baino askoz gehiago eman badute ere. Eta batzuek De Andresek eta PPk zuzendutako zapaltze eta jazartze politikaren ondorio larriak pairatu badituzte ere.

EAEko erakundeek 35 urteotan euskara «inposatzeko» 3.000 milioi euro erabili izana kritikatu du Iñaki Oiartzabal PPko legebiltzarkideak. Euskara baztertzera, debekatzera eta desagerraraztera mendeetan bideratutako armak, sosak eta lege guztiak ezin dira zenbatu. Eta, hala ere, euskara aspaldi baino biziago dago, abididez, Araban. Hori da, akaso, PPk jasan ezin dezakeena: alegia, ondo kudeatuz gero lurraren ongarri ere izan daitekeela zaborra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.