Europako Kontseiluak gogor jo du berriro Espainiaren aurka, ustelkeria eragozteko neurrietan aurrerapausorik ez duelako egin. Ustelkeriaren Aurkako Estatuen Taldeak (Greco) parlamentarien, epaileen eta fiskalen ustelkeria gelditzeko deia egin zion 2013an Espainiari. Horretarako hamaika aholku eman zizkion. «Zazpi partzialki betetzen dira, eta lau ez dira betetzen», ohartarazi dute. Grecok abisatu du egoerak hala jarraituz gero adierazpen publiko bat egingo duela martxan ez diren neurrien inguruan: «Sekula ez dugu halakorik egin».
Baina Espainia ez da edozein herrialde. 1977tik boterean denbora gehientsuena egon diren alderdietako batek (PP) bere burua legez kanpo finantzatu duela ebatzi dute epaileek berriki. Beste alderdi nagusiak ere (PSOE) baditu ustelkeria kasu sonatuak bizkar gainean. Errege Etxea ere zipriztindu du arazo endemikoak, Noos auzi sonatuan.
Euskal Herrian ustelkeriari lotutako epaiketarik handienari ekin diote berriro ere, EAJko buruzagi ohi Alfredo de Miguel akusatu nagusiaren deklarazioarekin. Fiskaltzak adierazi du hainbat inputaturekin prest dituela hitzarmenak, aitortu dutelako legez kanpoko komisioak jasotzeko sare baten parte izan zirela. Espainiako joera batzuek Euskal Herrian eraginik ez dutelako usteak erdia ustel duela agerian utziko luke horrek, egiaztatuko balitz.

HIZPIDEAK
Usteak erdia ustel
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu