martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Urrutiegi joan ote da Boric?

2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez da egongo arrazoi bakarra azalduko duena zergatik eman zioten igandean txiletarrek horren ezezko sendoa —%62k aurka—konstituzio berriaren proposamenari, baina bada bat pisu handia daukana: azken hamarkadotan oso gizarte kontserbadorea izan da. Ezkerrak hauteskundeak aldizka irabazteak ez du esan nahi Txileko gizartea errotik aldatu denik.

Ezkerrak irabazi izan duenean, nagusiki, eskuinaren kudeaketak sortu duen nekearen ondorioz izan da. Salvador Allende sozialistak puntu baten aldea bakarrik atera zion Jorge Alessandriri 1970ean; 2006an, Michelle Bacheletek %53rekin irabazi zuen bigarren itzulian; eta, iaz, Gabriel Boricek %56rekin. Alde eskas horiek argi adierazten dute koiunturalak direla, ez egiturazkoak, ezkerraren garaipenak Txilen; meritu handiko emaitzak, noski, gizartea kontserbadorea delako.

Boric presidentearen ezker lasaiaren garaipenak bultzatuta, hurrengo bi hamarkadetarako konstituzio berria eta berritzailea osatzen jardun dute Txilen: eskubide berriak eman, bertako etniak aitortu, naturaren jabetza publikoa aldarrikatu... Horrelako gutxi egongo dira munduan. Gehiegi, nonbait, txiletar askorentzat.

Ezbai larrian dago Boric igandetik, nahi duen bezain urruti joango ez den konstituzio bat taxutzen hasi behar baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.