mikel p ansa
HIZPIDEAK

Urruneko Paris

2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pazientzia bukatu egiten da abusatzen denean, eta hori gertatu zaio Seaskari. Urte bizia izan zuten iaz, indar handia egin zuten brebeta eta baxoa euskaraz egiteko aldarriaren gainean, eta lortu zuten Parisko ministerioek euskal ordezkaritza politiko bat hartzea. EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak eta euskal parlamentariak hartu zituzten, eta hitzeman zieten laster izango zutela erantzun bat. Ikusten zutela aukera EEPk berak kudeatzeko euskarazko eskola berrien eskariak, eta azterketei buruz erantzungo zutela zerbait urtea bukatu aurretik. Irailean izan zen bilera hori, baina deus ez. Ez da iritsi erantzunik. Ez EEPri buruz, ez azterketei buruz. Iazko puntu berean dago auzia.

Udaberrian mobilizazio handi bat egiteko asmoa duela iragarri du Seaskak, Herri Urrats aurkezteko izan behar zuen ekitaldian. Karrikara itzuliko dira, iaz ere hori izan baitzen aurrez aurreko bilera bat lortzeko modu bakarra. EEPren zilegitasuna dago orain airean. Erakunde horrek jarraituko ote duen erabaki behar du Parisek, eta Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak aitortu du beharbada «optimistegiak» izan zirela iraileko bileran. «Zer sinesgarritasun daEEPrentzat? Ez badigute erantzuten, EEPk ez du zentzurik, eta Hezkuntza Ministerioak gatazkaren hautua egiten du». Urrun dago Paris, eta ez du behar bezala neurtuko sortu duen ezinegona, baina ibiliko al da kontuz, pazientzia bukatzen denean ezin da berriz osatu eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.