Lizarra-Garaziko prozesuaren izar distiratsuenetako bat izan zen, herritar askoren interes eta ilusioaren pizgarri. Euskal Herriko lehen instituzio nazionala, zatikatutako herri baten irudi osoa ematea lortu zuen. Horregatik bakarrik bada ere, garrantzi itzela izan zuen Udalbiltzaren sorrerak.
Prozesuaren gainbeherak eta Espainiako Estatuaren jazarpen bortitzak lurperatu zuten, eta jende askoren ilusioa ere lur azpira etorri zen. Ezerezean geratu ziren Xiberoa Garatzen eta beste makina bat proiektu interesgarri. Polizia etxeak eta espetxeak bete ahala hustu zen Udalbiltzaren gaitasuna.
Orain berriz ere abiatuko dute instituzio nazionala. Askoz ere zarata gutxiagorekin, eta alderdi askoren falta agerian dela. Hala ere, orain hasiko da Udalbiltzaren benetako erronka. Erakundean egon nahi dutenak egongo dira, eta zereginak ez dira txikiak. Euskal Herriko mapa osatu beharko dute egunetik egunera, eta hala urratsak pilatuz joango dira azken helmugara iristeko: Euskal Herri burujabe bat lortzea munduko nazioen artean.
Hizpideak
Udalbiltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu