Ez da erraza ulertzea. UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak itxi egin du Chris Froome txirrindulariaren kontra zabaldutako auzia. Froomek gainditu egin zuen baimendutako salbutamol maila —asmari aurre egiteko baliatutako substantzia— iazko Espainiako Vueltako etapa bat eta gero egindako dopin kontroleko txiza laginean. Txirrindulariak onartu zuen ohi baino salbutamol gehiago hartu zuela, asma krisi bat zuelako, taldeko medikuak aholkatuta.
Froomek eta bere taldeak, Skyk, helegitea aurkeztu zuten. Hainbat ikerketa zientifikoren bidez erakutsi nahi izan dute txizetako salbutamol arrastoak aldakorrak direla, baita egunero salbutamol kopuru bera hartuta ere, eta ez direla fidagarriak kontsumoa neurtzeko. Alegia, baimendutako salbutamol kopuru jakin bat hartuta ere, kontroletako emaitzak baimendutakoa baino handiagoak izan daitezke. Kontrol horiek auzitan daude, beraz. UCI eta WADA Dopinaren Aurkako Munduko Agentzia ez dira ausartu Froomek aurkeztutako milaka orriei aurre egiten. Susmoa da kontrakoa frogatu izan behar balute, beste milaka orri eta hainbat ikerketa aurkeztuko lituzketela.
Kasualitatea, UCIk atzo eman zuen erabakiaren berri, Tourrak Froomeri ez ziola parte hartzen utziko esan eta egun bat geroago.
Eta UCIk, azkenean, beste zenbaitetan bezala, bere burua bihurtu du susmagarri.
HIZPIDEAK
UCI, auzitan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu