Nazioarteko Futbol Federazioak (FIFA) Qatarri halako oihartzuna duen lehiaketa bat antolatzen uzteak erakusten du zer errespetu falta itzela duen gaur egungo futbol profesionalak andreekiko eta oinarrizko giza eskubideekiko. Bidenabar, agerian geratu dira emirerriko agintariek txapelketa eskuratzeko erabili dituzten eroskeria eta ustelkeria. 2022ko txapelketak oso leku eskasean utzi ditu futbol federazioaren ardura duten kudeatzaile guztiak, lehengoak eta oraingoak.
Agian hori badakielako, errealitate gordinaren gainean txipiroi tinta bota nahi izan du Gianni Infantino FIFAko presidenteak txapelketa hasi bezperan. Qatarkoa eta gaya sentitzen dela esan du, langile migratzailea eta afrikarra... Europaren «moral bikoitzaz» kexatu da, eta baztertua izatea zer den badakiela ohartarazi du, umetan bullying-a jasan zuelako ilegorria izateagatik.
Infantinok aulki erosotik bota ditzake hizketaldi ponposoak, jakinda inoiz ez dela izango qatartarra eta gaya aldi berean. Bestela, herrialdeko LGTBI kolektiboko kide gehienek bezala, segur aski isilik egotea nahiago luke, herrialdeko legeak ezartzen dituen zigor latzak saihesteko. Eta langile migratzaileei buruz, zer esan! Odol eta hezur gehiegi daude Qatarko futbol zelaien azpian, eta txipiroi tintak ezingo du hori estali.
HIZPIDEAK
Txipiroi tinta Qatarko golen gainean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu