HIZPIDEAK
Txapak erakusten duena
Euskaraldiaren antolatzaileek onartu dute aurten «nahi baino txapa gutxiago» ikusi dituztela jendearen paparrean, ariketa ez dela «bistarazi». Gogoeta egingo dute, baina edozein moduz, ariketaren balorazio positiboa egin dute. Beti egoten da alde on bat. Argi utzi dute ariketarekin jarraituko dutela, eraginkorra dela iritzita. Aztertuko dute zerk eragin duen jendeak txapa ez jartzea nahiz eta Euskaraldirako izena eman. Horrek badu zerikusirik eraginkortasunarekin. Izan ere, euskaraldiak funtzio bera izan behar al du euskararen arnasgune diren herrietan eta egoera erabat kontrakoa denetan? Urtea joan urtea etorri ariketa bera egiteak ez al dio kentzen emozioa, edo bizitasuna edo... Toki batzuetan egin dira saioak, Hikaldiarekin, adibidez. Eta ariketari berriz zentzua topatu diote batzuek, baina ez da nahikoa izan. Elkarrizketa elebidunak gero eta ohikoagoak direla esan du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. Euskaraldia «txertatuta» badago, zergatik jarraitzen du ariketa bat izaten? Pentsa daiteke beste urrats bat egiteko garaia dela. Agian, txapak desagertu eta amaiera datarik ez duen euskaraldi bat abiatzea izan daiteke bidea. Are eraginkorrago izango diren hizkuntza politikak abian jartzearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu