Euskararen aldeko ekitaldirik erakargarrienetako, zabalenetako eta maitatuenetako bat da Korrika. Eremu bat marrazten du, munduko mapa ofizialetan tokia ukatzen zaion baina lekukoa eramango duten guztien buru-bihotzetan dagoen lurralde batena. Euskara ematen dio elkarri, pausoz pauso, metroz metro. Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean hasiko da 18. Korrika gaur, duela hamar urte itxi zuten EuskaldunonEgunkariaren gomutan. Euskara ikasten ari direnak omenduko ditu, ikasten ari direnak eta ikasi dutenak. Euskara elkarri eman diotenak eta ematen diotenak. Bizi eta biziarazten dutenak.
Badator Korrika, zuka edo hika. Zain daude euskaltzaleak, irrikan lekukoa jaso eta eskaintzeko. Joan dadila Andoaindik Baionaraino, Errioxako mahastietatik eta Pirinioetako bortu elurtuetatik. Joan dadila Ezkerraldeko antigoaleko labe garai desagertuen itzaletik Gasteizko auzo berrien argira. Iraganaren eta orainaren lekuko. Bere hizkuntzan bizi nahi duen herri batenordezkari. Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa...

Hizpideak
Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu