Ezustean jakin da notizia aste honetan: Saudi Arabiak eta Iranek harreman diplomatikoak berrezartzea adostu dute, eta, horrekin batera, jakinarazi dute enbaxadak berriz irekiko dituztela. Ohar bateratua atera dute bi herrialdeek. Berriak bere horretan badu atentzioa emateko behar adinako tamaina, kontuan hartuta Ekialde Hurbileko bi etsai minak direla, baina oharkabean pasatu ezin dena oharraren hirugarren sinatzailea da: Txina.
Wang Yi Txinako Alderdi Komunistaren Atzerri Gaietarako Batzordeko zuzendaria da sinatzaileetako bat, baina oharraren hasieran bertan argi uzten da Pekinek zer-nolako ahalegin diplomatikoa egin duen akordioan, aldeek erraten baitute Xi Jinping Txinako presidentearen ekinbideari emandako erantzuna dela.
Oinarrizko hurbilketa bat da bi etsaiek egin dutena; hau da, harremana 2016ko gutxieneko horretara bueltatzeko konpromisoa hartzea. Funtsean, oraingoz argazki bat da, baina Txinak marketin aldetik tanto bat egin du. Izan ere, arestian agertzen ez zen toki batean eta maila batean agertu da, non eta munduan duen lehiakide handienak hamarkadatan ia nahieran esku hartu duen eremuan, arerioaren aliatu estrategiko batekin, eta nazioarteari mezu bat emateko nahiarekin: «Bertze hark gerra sustatu duen tokian, gu diplomazia sustatzen ari gara».
HIZPIDEAK
Tanto bat Txinaren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu