mikel p ansa
HIZPIDEAK

Sortzez biolento

2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k «bakearen aurkako profil politiko nabaria» izan zuen. Ezin da asmatu Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako PSE-EEren buruak, nondik atera duen ideia hori. ETA sortu zutenetako bat izan zen Txillardegi; sabotaje ekintzaren bat egin zuten urte haietan, bai, baina Txillardegi ETAn ibili zen artean ez zuten inor hil —1967an utzi zuen—; eta gerora borroka armatua geldiarazteko jardun publiko eta aktiboa izan zuen, gainera. Aldiz, desobedientzia zibil gogor baina baketsuaren alde egin zuen Txillardegik. Hortaz, zer egin zuen Txillardegik «bakearen aurka»? Asensiok ez zuen esan nahiko bada Txillardegik frankismoaren bakearen kontra jardun zuelako ez duela aitortzarik merezi. Bakearen kontzeptualizazio absolutu hori muturrera eramanez gero, gainera, 1936an «bakearen aurka» jardun zuten gudari eta milizianoek ere; eta frankismoan «bakearen aurka» aritutako beste batzuk PSOEra joan ziren, zeinaren kide batzuek ere «bakearen aurka» jardun baitzuten. Demokratak eta biolentoak eskema zaharra erabili du berriro Asensiok, baina bere buruari aitortu dio sail bakoitzean nor kokatu erabakitzeko boterea, eta biolentoen sailean jarri du Txillardegi. Orduan, ulertu beharko da Asensiok esan nahi zuela ezin zaiola aitortzarik egin ETAren sortzaile bati, haren ibilbidea, pentsamendua eta ekarpena edozelakoa izanik ere. Eta ikuspegi hori etsigarria da, pertsonak ukatzen dituelako, eta, hain justu, lubakiak elikatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.