Berdintasunerako hezkidetza programa bat, eskoletan kultura berdinzalea sustatu eta indarkeria sexistari txikitatik aurrea hartzeko egitasmo abangoardiazalea, epaile baten aurrean azaldu beharko dute gaur Iruñean. Kontu hau behar ez zen tokira iristeko aski izan dira izaera ultrakatolikoko talde batzuen kanpaina doilorra, eskuineko alderdiek —eta lagundu ohi dieten hedabideek— bozetan etekina ateratzeko ikusitako aukera, eta inkisizioaren garaiko zuri-beltzeko ikuspegiak baldintzatzen dituen epaile batzuen jarduna.
Gaur Skolae landu duten hamar profesional epaile baten aurretik igaroko dira. Iruñeko taldeko bortxaketan erasorik ikusi ez zuten auzitegi berean hartuko diete deklarazioa, eta gauza horiek kasualitatez gertatzen direla sinestea gero eta gaitzago bihurtzen da. Agian prozesua ez da aurrerago joango, baina horraino iristeak larritasun handia du.
Zalantzan jarri nahi dutelako ea eskolak baduen zereginik, berdintasunaren ikuspegitik, indarkeria matxistaren aurka aritzeko. Sexu heziketa tabua izaten jarraitzea bilatzen duelako, moral bikoitzeko gizarte baten hipokrisia iraunarazteko. Gaiaren larritasuna ez du arintzen Skolae Unescok nazioarteko sari baterako hautagai gisa aukeratu izanak. Baina aitortza bat da jazarpen bidegabea pairatu duten langileentzat eta mehatxatutako agintarientzat.
HIZPIDEAK
Skolae auzitegian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu