Euria egin du Baionako auzapez ohi Jean Grenetek esan zuenetik goizaldean emakumeek «gainekoa kenduta» eta «tangarekin dantzan» aritzen badira «errazago» gertatzen direla bortxaketak eta sexu gehiegikeriak. Harrabots handia eragin zuten Greneten adierazpen horiek, 2005. urtean. Geroztik, ezin bestela izan, Baionako Herriko Etxeak ere aurrerapauso batzuk eman ditu sexu erasoen aurkako izurriteari aurre egiteko. Besteak beste, emakumeren batek erasoren bat salatzen badu, erakundeak ere salaketa bat jartzea erabaki du aurten. Norabide onean doan erabaki bat da, baina ez da nahikoa. Erasotzaileek sentitu behar dute bakarrik eta setiatuta daudela, gizarteak ez duela beste alde batera begiratuko eraso baten traza izan dezakeen ezein gertakariren aurrean. Horregatik daukate garrantzi handia udalak eta erakundeak festetarako martxan jartzen ari diren protokoloek eta sexu erasoen aurka antolatutako protesta ekitaldi zabalek. Eredugarritzat jo dute Iruñeko Udalaren lana Lapurdiko hiriburuko herri mugimenduak eta talde feministek ere, eta hara begiratzeko eskatu diote Baionako herriko etxeari; besteak beste, udalaren eta herri mugimenduaren arteko elkarlana martxan jar dezan.
Gasteizen ere banatuta joan dira blusak eta neskak zezen plazara, hain zuzen ere, iaz sexu erasoen aurkako protokoloa betetzeari uko egin eta batzordea uztea erabaki duten zazpi kuadrillek euren kasa joatea erabaki dutelako. Gizartean gai honek gero eta garrantzi handiagoa duelako beste erakusgarri bat da hori ere. Eta bide horretatik jarraitu beste aukerarik ez dago. Erasotzaileek ulertu behar dute ez dagoela tokirik emakumeen aurkako indarkeriarako. Lehentasuna hori da. Orduan gozatu ahal izango dituzte festak berdintasunez eta askatasunez herritar guztiek, emakume zein gizon.
HIZPIDEAK
Sexu erasoen izurritea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu