Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea ohituta dago agintzen —28 urte daramatza agintean—, eta ohi duen soltura horrekin debekatu du prezioak igotzea: «Urriaren 6tik aurrera, prezioen hazkundea debekatua dago. Debekatua! Gaurtik. Ez bihartik, gaurtik». Atzo gobernuko kideekin egin zuen bileran eman zien agindua. Bielorrusian %13,8 egin du gora kontsumorako prezioen indizeak aurten, eta urtea bukatzerako%19raino hazi litekeela. 2023an inflazioa %6-7ra jaitsiko zuela agindu zuen, eta zenbakiak errebelatu egin zaizkio Lukaxenkori. Gobernuko kideei agindu die, zorrotz, haien betebeharra dela prezioak ez igotzea: «Zuek zarete erantzuleak».
Ez da lehen aldia merkatu libreko sistema batean prezioak kontrolatzekotan dabiltzana, neoliberalismoaren eskuliburu guztien kontrakoa izan arren. Hungariak ere esan du zenbait produkturen prezioak mugatuko dituela. Europako estatu asko ari dira halakoak erabakitzen: maskaren eta antigenoen prezioak mugatu zituzten; erregai eta argindarren prezioak zuzenean edo zeharka mugatzeko ahaleginetan ari dira.
Ikusteko dago prezioak kontrolatzeak zenbateko eraginkortasuna izango duen. Aldiz, argi dago sistema kapitalistak sortutako zuloak estatuak bete behar izaten dituela atzetik. Dibidenduetan ardaztutako ekonomia baten ordez, jendeen beharretan oinarritutako ekonomia bat behar litzatekeela: Lukaxenkoren anekdotaz harago, hori gelditu da agerian.
HIZPIDEAK
Prezio presioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu