Eraikuntzaren negozioa ez da ondo moldatzen naturaren eta arkeologiaren babesarekin. Badira hamaika adibide. Olaztiko harrobiak Koskobiloko aztarnategi arkeologikoa hauts bihurtu du, 1940ko hamarkadaz geroztik. Pentsa zitekeen garai hartako kontzientziazio apalagoagatik gertatuko zela, baina, sei hamarkada geroago, Iruñean, Gazteluko plazako aztarnak deuseztatu ziren aparkaleku baten obren onbeharrez, hiriko garaiko alkatearen egoskorkeria lagun.
Praileaizko labar pinturak eta historiaurreko beste hainbat harribitxik Sasiolako harrobiaren eztandekin bizi behar izan dute, Jaurlaritzak harrobiaren jarduera eteteari uko egin ziolako, argudiatuz ezin ziola aurre egin enpresari horretarako ordaindu beharko zitzaion kalte ordainari.
Hondeamakinak itsuak dira. Azken adibidea Lezetxikin izan da. Leizeko aztarnategi garrantzitsutik gertuko galeria batean AHTak egindako txikizioa espeleologoen argazkiek jaso dute. Garraio ministro Raquel Sanchezek dio aztarnategian ez dela inolako kalterik egin. Kontua da non jartzen den babestu behar den eremuaren muga? Udalatxen bertan akuifero garrantzitsuak lehortu zituzten duela hamabost bat urte. Arrasatek bere ur hornitzaileetako bat galdu zuen, baina orduan ere kaltea gutxiesten saiatu ziren. Natura eta ondarea garapenaren albo kalteak baitira.
HIZPIDEAK
Praileaitz, Lezetxiki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu